Osatu dute Inauterietako egitaraua
Konpartsen desfileaz gain, antzerkia, kalejira eta Mairuak izango dira.
Inauterietako egitarauaren berri emateko agerraldia egin dute gaur Arma Plaza fundazioan Txomin Sagarzazu alkatea eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. Jada jakitera eman zuten inauterietako konpartsen desfilea egingo zela, eta gaur bere horretan jarraitu duela asmoak baieztatu dute.
Izan ere, larrialdi egoera bertan behera utzi dute, eta osasun prebentzio neurriez gain, ez dago bestelako araurik. Hortaz, badaezpadako neurri hauengatik egokitutako plangintza osatu dute.
Sagarzazuk aipatu duenez “Inauterien beharra badugu, uste dut gizarte modura gure buruari gehienok esaten diogula badugula bai besteekin batera sozializatzeko premia, bestetik badugula bai kanta, bai dantza, bai elkar eraginean egiten diren ekintzak egiteko”. Hala ere, urteroko bazkaria egiteko hurrengo urte arte itxoin egin beharko da.
Elkarte eta taldeekin hitz egin ondoren, hauxe da osatu duten egitaraua:
Osteguna, otsailak 24: Kalejira Alde Zaharretik zehar, Musika eta Dantza eskolako ikasleek musikatuta, 18:00etatik aurrera.
Ostirala, otsailak 25: Unic@s antzezlana Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan.
Larunbata, otsailak 26: Mairuak. Emeki Emakume elkarteak antolatuta, Jaizkibel kanpin paretik irtengo dira 09:00etan. Arratsaldean, 15:30ean, Meakako adiskide eta Hego Ipar euskal dantzako dantzariak baserriz baserri arituko dira.
Igandea, otsailak 27: Konpartsen desfilea. 10:30etan hasiko da Gabarrari kaleko biribilgunean, eta bertatik Sabino Arana kaleruntz joango dira, eta Ama Guadalupekoa ikastetxeko biribilgunean amaituko da. Aurten ibilbidea ez da San Pedro kaletik pasako, jende pilaketak ekiditeko eta ez da geldialdirik egingo ezta ere. Lehenik konpartsa txikiak aterako dira, erdian Abiyuan txaranga eta azkenik konpartsa handiak: Pilar Peña, Kuki dantza taldea, Carlos Zapirain, Amaiur Dantza taldea eta Amute Kosta auzo elkarteko karroza.
Astelehena, otsailak 28: Kartel lehiaketaren sari banaketa, udaletxeko areto nagusian 19:00etan. Gaurtik aurrera ikusgai daude Arma Plazan parte hartu dituzten lanak, guztira 7 izan dira. Erakusleihoen lehiaketa ere abian da gaurtik eta otsailaren 28 arte. Bi sari emango dituzte: epaimahaikideena eta sare sozialen bidez egingo dena.