Gazteen erreferentzia izatea nahi du Gaztearteanek
Webgune propioa izango du gazteentzako zerbitzuak, eta kanpaina baten bidez, hirian duen presentzia eta gazteekiko gertutasuna areagotzea da helburua.

Gaztearteanen presentzia areagotzeko kanpaina bat martxan jarri du Irungo Udalak. Horren helburua gazteen artean “ikusgarriago” izatea da, baita “hirian duen presentzia eta biztanle gazteekiko gertutasuna areagotzea ere”, Gazteria Arloko Santi Jimenez ordezkariaren esanetan. Horrez gain, erakundearen eta gazteen arteko harremana sendotu nahi dute, “harreman zuzen, garden eta estua sortzeko”, eta era berean, gazteen parte hartze aktiboa sustatzeko.
Horretarako, webgune propioa izango du Gaztearteanek, eta horrez gain, sare sozialetan arloaren eta gazteen arteko harremana garatzeko proposamen bat lantzen ari da. Halaber, programatuko diren jarduerek “gazteen beharrei eman diezazkiekeen erantzunak bistaratu eta identifikatzeko” balioko dutela gaineratu du Gazteria Arloak.
Kanpaina
Gazteei eragiten dieten lau egoera bistaratuko ditu udalak. Batetik, beken, praktiken, lan eskaintzen, ikastaroen eta are etxebizitzaren bilaketa da. Horretarako, IGazte Gazteentzako Informazio Bulegora bideratuko ditu. Bestetik, udalak eskaintzen duen gazteentzako zerbitzuek nola lagun diezaieketen azaleratuko du, eta Konekta programa erabil dezaketela azaldu du. Hurrengo puntua talentua izango da, eta Martindozenea gaztelekuko ikastaro, jarduera eta proposamena, eta, azkenik, Asexorat zerbitzua.
EH Bilduren zuzenketa baten emaitza izan da kanpaina.