Bizikletentzako bost aparkaleku berri, Gibeletan
'Hondarribia mugitzen ari da' proiektuaren barruan jarri dituzte aparkaleku hauek.
Bizikletak aparkatzeko bost aparkaleku berri jarri ditu udalak Mendelu auzoan, Gibeletan zehazki. Juan Luis Silanes Mugikortasuneko zinegotziak eman du honen berri eta hiriko beste gune batzuetan ere ezarri dituztela jakinarazi du: “Amuten, Talaia institutuan, Bidasoa ibilbidean, Martxoak 8 plazan, Minasoroeta kalean, Bordari ikastetxean, Portuko Elizaren atzealdean, Uria harresian, San Nikolas pasabidearen parean, Jostaldi pilotalekuaren inguruan edota San Pedro eta Santiago kaleen artean dagoen plazan”.
Hiritarren iradokizunak aztertu ondoren jarri dituztela adierazi du Silanesek, eta Hondarribia mugitzen ari da planarekin dago lotuta egitasmoa. “Proiektu horren helburu nagusietako bat herrian ibilgailu pribatua gutxiago eta bizikleta gehiago erabiltzea da”.
Bestalde, bizikletak jarri berri dituzten lekuan Udal Brigadak bankuen gune bat egokitu duela ere azaldu du zinegotziak, eta Gibeleta eguneko zentroko langile eta erabiltzaileekin adostuta egin dutela esan du. Izan ere, Silanesen hitzetan “haiek izango dira erabiltzailerik ohikoenetakoak”.