Udal garbitzaileek soldata duinagoa nahi dute
Soldata arrakalarekin bukatzea nahi dute, baina negoziazioak "blokeatuta" daude enpresarekin.
Hamarnaka emakume bildu dira gaur goizean Irungo udaletxearen parean, San Juan plazan. Guztiak, udaleko kale garbitzaileak, emakumeak. 2019tik soldata KPIaren araberako soldata igoerarik gabe daude, eta enpresarekin “soldata duina” negoziatu nahi dute, hein batean, soldata arrakalarekin bukatzeko. 80 udal garbitzaile daude une honetan lan taldean sindikatuek jakinarazi dutenez.
Negoziazioa, ordea, “blokeatuta” dagoela adierazi du ELAko Ainhoa Arretxe delegatuak, eta udalari begira jarri dute bitartekari gisa jarduteko. Hain zuzen, gaur goizeko protestaren ondoren, udalarekin elkartu dira sindikatuetako ordezkariak egoeraren berri emateko. ELAk hiru ordezkari ditu, eta LAB eta CCOOk bana.
Lan baldintzek, gainera, soldata arrakala “areagotu” egiten dutela azaldu du CCOOko Mari Carmen Sanchezek, langile gehienak kontratu finko etena baitute, eta lanegun partziala. Ildo horretatik, kale garbitzaileen soldatekin parekatzea eskatu dute. Egun, soldata oinarrien arteko aldea %15ekoa da, 3.300 euro inguru.
Ainara Etxabide LABeko ordezkariaren esanetan, lizitazioak bi urtekoak izaten dira, eta Samyl estatuko enpresa kontuan hartuta, “Madrilen bezalako igoera” planteatzen du, baina “hemengo errealitatea” kontuan hartu behar dela gaineratu du.
Enpresarekin harremanetan daudela adierazi du Arretxek. Hain zuzen, langileen mobilizazioak “enpresa nahiz udalaren jarrerarekin harreman zuzena” izango duela erantsi du.