Mozio bat aurkeztuko du PSE-EEk, osasun etxeetako lehen arretaz “larrituta” daudelako, eta eskaera horretan, udalbatzari eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eska diezaiola lehen mailako arreta indartzen jarrai dezala, berrantolaketa dinamiko baten bidez, langileen plaza hutsak betetzeko eskaintza mantendu eta zabalduz.
Ostiralean eztabaidatuko dute osoko bilkuran mozio hau, eta eskakizunaren xehetasunei dagokienez, LEPen bidez langileak berritzeko, handitzeko eta finkatzeko prozesua amaitzea, eta, testuinguru pandemikoak ahalbidetzen duen moduan, osasun-arreta jasotzeko itxaron-zerrendak eta berandutze-denborak murriztea nahi dute.
Pandemia irauten ari den bi urte hauetan, osasun sistema mantentzeko lana eta inbertsio “erraldoia” egin dela aitortu du Iosu Alvarez sozialistak, “ekonomiari, langileei, baliabide materialei eta antolaketa eta kudeaketa tresna berriei dagokienez”.
Ildo horretan, esan du Osakidetzak, batez beste, 4.000 profesional gehiago dituela hilero 2019an baino diote, baina, hala ere, “pandemiaren iraupenak eta omikron aldaeraren ustekabeko eta bat-bateko agerpenak” arrastoa utzi duela Osakidetzan adierazi dute. Lanpostu eta zerbitzuak betetzeko dauden zailtasun larriak salatu dituzte sozialistek.
COVID-19agatik, gutxi gorabehera, 2.500 baja eman direla azaldu dute, eta horiei 400 plaza gehitu behar zaizkiela, familia-medikuntzako profesionalentzat, pediatrentzat eta lehen mailako arretako erizainentzat. “Plaza horiek ezin dira bete merkatuan ez dagoelako tituludun langilerik kontratatzeko, ez Euskadin, ez Estatuan, ez Europan”.
Alvarezek aitortza egin nahi izan die osasun langileei bi urte hauetan egindako lanagatik, eta “denek norabide berean arraun egitera” egin du deia, “neurriak bilatzeko, gure herritarren arazoei irtenbideak eskaintzeko”.