Zazpi errotarri harrobi topatu ditu Aranzadik Jaizkibelen
Errotarri horiek nora eramaten zituzten jakin nahi du orain ikerketa taldeak, eta udalak azterketarekin jarraitzeko babesa erakutsi dio taldeari.
Horretarako, arrastoak jarraitzen hasi ziren, eta elkarteak duen esperientzia aintzat hartuta, 79 laginketa eremu izendatu zituzten, horiek miatu, eta 24-25 harlanduzko harrobiak topatu dituzte. Horietatik 7 dira interesa piztu dienak, eta horietako batean gezterak egiten zirela jakin izan dute, gainera: Alvarezek esan du, XVI. mende hasieran Isasti izeneko Lezoko historialariak, kronika batean esaten zuela Jaizkibelgo gezterak Ameriketara eramaten zirela: “Orain, ziurtatuta baldin badugu errotarriak Sevilla eta Cadizera eramaten zituztela, eta ez badira bertan erabiltzeko, agian bitarteko pausu bat ziren portu horiek, Amerikara eramateko, ustez sortzen ari den gizarte berri batean erabiltzeko egiten zutela uste dugu”.
Errotarri harrobiak topatu dituztela esaten dutenean, ez dela bakarrik errotarri harrobia, errotarriak mendian daudela baizik adierazi du Alvarezek. Aurkitako horiek mendian geratu diren harriak direla, eta ez direla amaitutako errotarriak zehaztu du: “Mendian gelditu baldin badira, puskatu zitzaizkielako edo lana bertan behera geratu zelako izango zen”. Dokumentu zaharrak begiratzen segi zuten, eta bertan XVI.mendearen erdialdean Hondarribitik zabra izeneko itsasontzi batzuk itsasoan barna ateratzen zirela errotarriekin irakurri zuten. Zabretan, gutxi gorabehera, 8-10 bat marinel joaten ziren, eta Kantauri itsasoa jarraituz, penintsulari buelta emanez, Portugal, Cadiz, Sevilla eta Kanariar Uharteetara eramaten zituzten errotarriak. Orain, hipotesi horri eutsi eta ea noraino iritsi ziren jakin nahi dute, ea ibilbiderik zegoen. Horretarako, alkateak esan du apirilean egingo den kreditu aldaketan onartuko dutela azterketa hau babesten jarraitzea: “Aurten ere lankidetza horretan jarraitzea pentsatu dugu. Apirilean kreditu aldaketa egitean lan honetan jarraitzeko bidea erakutsi digute eta interesa dugunez, aurrera egingo dugu”.