Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura orduko 50 kilometrora murriztu nahi duela salatu dute Artiako Lagunek
Ez da Artiako Lagunek esperotako murrizketa, 30 km/h-koa izatea muga eskatzen baitzuten. Udalak mozio bat onartua du muga 30 km/h-an ezartzeko.
El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura orduko 50 kilometrora murriztu nahi du. Egun, GI-636 errepidea bezala ere ezagutzen den kalearen muga orduko 70 kilometrokoa da. Aldundiaren arabera, abiadura 30 km/h-ra murriztea ez da bideragarria errepide hori kontuan hartuta.
Joan den astean bilera egin zuten Artiako auzo elkarteak eta aldundiak. Bertan auzo elkartearen eskaera batzuk onartu zituen aldundiak, esaterako, bide osoan lerro jarraia ezartzea aurreratzeak debekatzeko baita beste seinaleztapen batzuk jartzea ere; alegia, Jose Maria Franco kalera ezkerretara biratu ezin dela zehazteko baita 400 metrora norabide aldaketa dagoela jakinarazteko ere.
Artiako Lagunak auzoko beste elkarteak, ordea, asmo hori gaitzetsi du aurrera ateratzen bada, eta gogorarazi du abenduaren 23ko plenoan Udalbatzak kale horren abiadura orduko 30 kilometrora mugatzeko eskaera egitea onartu zuela. Zentzu horretan, udalari galdegin dio akordio hori tramitatzeko.