Txakur kross lasterketak, asteburuan Jaizkibelen
Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarriak izango dira bi egunetako lasterketak. Beste urteetan bezala, Higer Itsasargi ingurutik abiatuko dira.
Euskanikross elkarteak eta Hondarribiko Udalak, Hondarribiko V. Txakur Krosa V. Ogiberri Garaikurra antolatu dute Jaizkibelen, eta asteburu honetako larunbat eta igandean izango dira lasterketak. Txakur krosslariek eta bikejoring-ek ibilbide bera osatu beharko dute.
Larunbatean, bizikletarekin doazen lasterkariak izango dira lehenak ateratzen. Erlojuaren aurka ariko dira, 17:00etan, Higer Farotik irtenda. Ondoren, gaueko kanikross zirkuitua egingo da, 19:00etan abiatuko dira.
Hurrengo egunean, 09:00etan hasiko dira bikejoring-ak korrika, berriz ere erlojuaren aurka. Beranduago, 10:30ean, kanikross absolutuaren txanda izango da. Jarraian, 11:45an, kanikross popularra, eta azkenik, 12:15an, kanikross txikia.
Larunbatean izango diren lehiak, Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarriak izango dira, bai txakur krosslarientzat eta bai bizikleta gainean doazenentzat.
Halaber, V. Ogiberri Garaikurra, bi egunetako puntuak batuz gehien lortu dituenak eskuratuko du, eta korrikalari guztien puntuek balioko dute.
Aldiz, Euskadiko Canicross Txapelketarako igandeko kanikrosslarien puntuek bakarrik balioko dute.