Trafiko aldaketak, Jaizkibelgo uholdeak saihesteko lanengatik
Astelehenean hasi eta ekainera arte iraungo dute ibilgailuei eta oinezkoei eragingo dieten aldaketa hauek.
Jaizkibel mendiaren ekialdeko hegalean uholdean prebenitzeko lanak, iazko irailean hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretara, 1.130.000 euroko aurrekontua bideratu dute, Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako ordezkariaren arabera.
Orain, bigarren faseari ekingo diote, eta inguru desberdinetan sare bereiziak jartzen hasiko dira: “Sare bereiziak sortuko dira Baserritar etorbidean, Jaizkibelgo hegaletako ura sartzea saihestuz. Baita Ramón Iribarren pasealekuan ere, Higer Bideak geldiarazitako euri-uren bilketa osatuz, eta Foru kaleko biribilgunean dagoen galeriarantz bideratuz”.
Funtzionamenduari dagokionez, Baserritar etorbidean euri urak 270 metro inguruko luzeran bilduko dituzte, 1000 mm-ko diametroko euri uren kolektore berri baten bidez, jada lehen fasean jarri zena. Gainera, hiriko ur beltzak eta unitarioak biltzeko 500 mm-ko diametroko hormigoizko kolektore berri bat egingo dute ere, “egungo sarearekin konektatuko dena itsasargiaren errepidearekiko bidegurutzearen inguruan”, zehaztu dute.
Ondorioz, datorren astelehenetik, ekainaren erdialdera arte, zirkulazio aldaketak eta mozketak izango dira ibilgailu eta oinezkoentzat. Era horretan, Baserritar etorbidean 51. zenbakia duen ataritik kalearen amaierarainoko sarbidea bertako bizilagunentzat bakarrik izango da.
Halaber, Mendebaldeko saihesbidetik datorren trafikoa Juan Ignacio Iztueta kaletik Donostia kalerantz desbideratuta egongo da. Gainera, segurtasuna bermatze aldera, Juan Ignacio Iztueta kalearen beheranzko noranzkoan ezkerreko aparkalekuak kendu egingo dituzte. Lanek eragina izango dute ere Mantzin Eneako etxebizitzetarako sarbidean, Baserritar etorbidetik egin beharko baitute.
Bestalde, hurrengo astelehenetik asteazkenera bitarte, Arrokako biribilgunetik Ramon Iribarren pasealekura doan obra eremua asfaltatuko dute, eta egun horietan, hortaz, ezingo da bertatik pasa, “Minatera ibilbidetik joan beharko da”, azaldu du Carrionek.