Astelehenean hasiko dira A Tempo jardunaldiak
Sei egun iraungo dituzte, eta tailerrak, hitzaldiak eta saio bereziak antolatu dituzte.
Hitzaldiak, tailerrak edota saio ezberdinak, datorren asteko astelehenetik (hilak 14), larunbatera, V. A Tempo ekimenaren baitan. Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak antolatu dute, eta gaur aurkeztu dute Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia, Esther Barandiaran, Musika eta Dantza Eskolako zuzendari pedagogikoa eta Maialen Agirresarobe kartelaren egileak.
Aurtengoari formatu berezi bat eman nahi izan diotela azaldu du Silanesek, COVID-19agatik. Eskerrak eman dizkie antolatzaileei egin duten lanagatik, “batez ere osasun neurri eta baldintzekin”.
Ondoren, egitaraua aurkeztu dute, eta Barandiaranen arabera “burura eramandakoak” partekatzeko aukera izango dute eskolako ikasleek, eta aldi berean, eskolan egindako lanaz gozatzeko aukera izango da ere: “Edozer gauza egiteko ilusio handia jarri behar da eta hala egin dugu ‘A tempo’ ekimenarekin, ilusioz denak ikasi dezagun”.
Aurkezpenean izan da ere kartelaren egilea, eta sorkuntza prozesuan “itsasoak inguratu” ziola adierazi du: “Hortxe nuen behar eta adierazi nahi nuena. Inspirazio iturri dugu eta guztiontzat da plazera”.
Egitaraua, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolaren sare sozialetan irakur daiteke, eta laster udalaren orrialdean ere.