Ospitaleko lanak baimendu izana "ezkutatu" du alkateak, Abotsanitzek gaitzesi duenez
Joan den urteko martxoaren 4an erregistratu zuen Osakidetzak eskaera, eta Abotsanitzen arabera, obren gaineko xehetasun guztiak irakur zitezkeen bertan.
Abotsanitz udal taldeak jakinarazi duenez, iazko uztailaren 18an Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko obretarako lizentzia eman zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, eta orain arte informazio hau zinegotziei, komunikabideei eta herritarrei “ezkutatzen” aritu izana leporatu diote. Gertaera hori “oso larria” dela salatu dute.
Osakidetzak, iazko martxoaren 4an erregistratu zuela proiektua Hondarribiko Udalean adierazi du udal taldeak, “xehetasun guztiak azalduz”. Hori hala izanik, urriaren 28ko osoko bilkuran Abotsanitzek auzi horren gaineko mozioa aurkeztu zuen, eta eztabaida horretan alkateak informazioa falta zuela adierazi zuen, baita horri buruzkoak Jaurlaritzako Osasun sailburuari eskatu zizkiola ere. Zentzu horretan, Sagarzazuren orduko hitzak jaso dituzte: “Faltan botatzen dugu Osakidetzatik, osasun ardura duten horiengandik, informazio guztia jasotzea. Horren falta sumatu dugu eta hori eskatu dugu”.
Osoko bilkura horretan ez ezik, alkateak beste batzuetan ere proiektua ezagutzen zuela eta hau baimendu zuela ezkutatzen aritu dela dio udal taldeak. Beste komunikabideetan egindako adierazpenak hartu dituzte hori frogatzeko aintzat, esate baterako, urtarrilean Antxeta Irratian esandakoak: “Ospitalearekin kezkatuta gaude, ikusten dugulako proposatu den 18 hilabeterako proposamena ez dugula ezagutzen, eta espero dut informazioa laster jasotzea, bestela, beste neurri batzuk hartuko ditugu”.
Herritarrak gai honekin kezkatuta daudela ikusita, “oso larria” dela alkatea informazioa ezkutatzen ibili izana eta obra baimendu izana deitoratu dute. “Horrelako informazioak ezkutatzen dituen alkate bat al da Hondarribiak merezi duena?”, galdetu du Abotsanitzek.