Itzuliaren lehen etapa, Hondarribian hasi eta bukatuko da
Erlojuaren aurka egingo diren 7 kilometro izango ditu lehen etapak, eta lehengo mendiko maillota irabazteko lehian ere arituko dira.
Euskal Herriko Itzulia 2022 Hondarribitik abiatuko da, apirilaren 4an. Kirol ekitaldi horren aurkezpena egin dute gaur udaletxean, Txomin Sagarzazu alkateak, Julian Eraso Itzuliaren zuzendariak, eta Roberto Laiseka zuzendari teknikoak.
Iaz Itzuliak herrian izan zuen emaitzarengatik atera zutela aurtengo proposamena azaldu du Sagarzazuk: “Gure herritarrei eskaini nahi diegulako lehen mailako kirol proba bat, eta lehen mailako esaten dudanean, mundu mailako kirol probaz ari gara”.
Bestetik, udal gobernu taldearen konpromisoa adierazi nahi izan dutela dio alkateak, kirola sustatzeko hainbat iniziatiba martxan jarri dituztela gogoratu nahi izan du, eta udalarentzat “apustu sendoa” dela dio.
Hasiera, Hondarribian zehar
Lehen etapa, Hondarribian hasi eta bukatuko da, erlojuaren kontra ariko dira kirolariak 7,5 kilometroko lehian. Hondartzatik abiatuko dira, Higer itsasargirako norabidean; ondoren Alde Zaharrera joango dira, eta Portua auzoko San Pedro karrikan izango da helmuga.
Gainera, 3. kilometrora azkarren iristen denak, hau da, Higer bidera, lehenengo mendiko maillota jantziko du. Laisekak azaldu du irteera gogorra izango dela, eta gerora Alde Zaharreko galtzada-harriek konplikatu egin dezaketela ibilbidea euria egiten badu.
Bestalde, iaz bezala txirrindulariak burbuiletan banaturik egongo dira printzipioz, COVID-19aren neurriak aldatzen ez badituzte. Honek eragina izango duela ikusleengan eta kazetariengan aurreratu du.
Itzuliari buruzko informazio gehiago izateko, klik egin esteka honetan.