Udalak politika kultural argirik ez duela salatu du EH Bilduk
Egun Hondarribiko Udalak antolatzen dituen kultur ekintzek "balio propagandistiko eta dekoratiboa" besterik ez dutela gaitzetsi du EH Bilduk, baita "ikusle pasiboak eta kontsumitzaileak" bilatzen dituztela ere.
Joan den astean Blues Festibala Hondarribian ez zela berriz egingo eman zuten berri Bilbon. Arazo desberdinak izan dira arrazoi lekualdaketa egiteko, eta honek dakarren eztabaidaren aurrean EH Bilduk adierazi du ezin dela ezkutatu “gure herrian, kultur arloan, premia asko eta asko bete gabe daudela”. Politika kultural argirik ez existitzea gaitzetsi dute.
Udalak antolatzen dituen kultur ekintzek “gehienetan balio propagandistiko eta dekoratiboa” besterik ez dutela izaten deitoratu dute, eta ondorioz, “ikusle pasiboak eta kontsumitzaileak” bilatzen dituztela leporatu diete.
Kulturaren arlo parte hartzailea argiago sustatu eta babestu beharko lukeela udalak dio EH Bilduk, “mugimendu bizia, sortzailea eta ez ikuslea bakarrik” izateko. Horretarako, “egunerokoa, horizontala, herritarren arteko ehun soziala bilatzeko tresna ezinbesteko izango dena sortzen lagunduko duena” izan beharko lukeela uste dute.
Lehen urrats gisa, parte hartze prozesu bat hastea eskatu diote Udaleko Kultur Departamentuari: “Ez bakarrik herritarren proposamenak entzuteko ikuskizunak programatzeko garaian, baizik eta are inportanteago dena, edozein taldek antolatutako jarduera kulturalak babesteko eta hauspotzeko”.
Gainera, prozesu honetan arreta berezia jartzeko eskatu diote 19 eta 30 urte bitarteko gazteei, talde subiranisten esanetan kultur arloak ez dielako ezer eskaintzen.