Martxoaren 19an banatuko dituzte gorostiak
2021ean jaiotako irundar bakoitzari gorosti bana emango dio aurten ere udalak. Horretarako, aurretik izena eman beharko da otsailaren 27a baino lehen.
Urtero moduan, Irungo Udalak ongietorria egingo die 2021ean jaiotako irundarrei, eta, horretarako, Gorosti bat elkarrekin hazteko iniziatiba martxan jarriko du berriro. Aurten, martxoaren 19an izango da, larunbatarekin, gorostien banaketa, baina parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du.
Kudeaketa hori udalaren webgunean edo 010 telefonora deituta egin ahal izango da. Behin udalak izen emate guztiak jasota, txandak ezarriko ditu, eta horren ondoren, familiek email bat jasoko dute beren hitzorduarekin. Iazkoa bezala, jende pilaketak saihestea izango da helburua.
Gorostiarekin batera, liburu bat jasoko dute haur eta gorosti baten arteko istoria kontatzen duena. Bien arteko harremana azaltzen du, baita haurrak egiten dituen gogoetak ere. Haurrak gorostia landatuko du, eta etorkizunean harreman hori eusten saiatuko da.
Gorostia aukeratzeko arrazoiak ere eman ditu udalak; oso espezie moldakorra dela azaldu du, eta ingurumen aldetik nahiz arrazoi estetiko zein praktikoengatik aukera egokia dela gaineratu du: “Gorostiak ingurumen-balio oso garrantzitsuak ditu neguan; izan ere, tokiko faunarentzako babeslekua da gorostiaren hostotza iraunkorra, eta fruituez elika daitezke, gainera”.