Iratxe Sorzabal: "Nire burua erruduntzat jo nuen pasatzen ari nintzen infernuaren aurrean"
Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira egunotan irundarra. Ukatu egin du leporatzen dizkioten atentatuetan parte hartzea, eta torturak salatu ditu beste behin.
Iratxe Sorzabal irundarra epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Sorzabalek ukatu egin du fiskalak leporatzen dion Gijongo bi atentatuan (1996an) parte hartu izana, eta bere burua erruduntzat jo zuela adierazi du, Guardia Zibilak eragin zizkion torturengatik.
Sorzabal 2001eko martxoan atxilotu eta bost egunez inkomunikatuta egon zen, eta une horietan jasandako torturen kontakizuna egin zuen atzo. Sorzabalen arabera, egoerak eragin zion bere burua erruztatzea: “Ni neu eta beste batzuk erruztatu nituen; pasatzen ari nintzen infernuarekin ezin nuen beste ezer egin”.
Atxilotu eta Intxaurrondoko kuarteletik pasatu ondoren, auto batean sartu zuten eta Madrilera eraman. “Hor hasi zen infernu guztia. Bidaia horretan hasi ziren deskargak, kolpeak, irainak, ukituak, itotzeak, hor galdu nuen konortea, erre zidaten…”. Begiak estali eta plastikozko poltsak jartzen zizkiotela adierazi du, eta ez zekiela non zegoen ez nora eraman zuten ere.
Polizia deklarazioa “beraiek nahi zuten bezala” egiteko aukera baino ez zitzaiola geratu azaldu du, torturak jarraitzea nahi ez bazuen. Deklarazioa egin aurretik, “dena entseatu” behar izan zutela esan du, “argazkiak erakutsi, eta norbait errekonozitu behar zidatela esaten zidaten, eta pertsona hori nor zen. Dena buruz ikasi behar nuen”.
Auzi medikuarekin egon zen lehen egunean uko egin zion hark artatzeari, ez baitzekien benetan medikua zen edo guardia zibila. Bigarren egunean eraman zuten erietxera, auzi medikuak artatzeko aukera izan zuenean, eta hark hala aginduta.
Bost egunez inkomunikatuta egon ondoren, epailearen aurrera igaro zenean, leporatzen zizkioten delitu guztiak ukatu eta torturen berri eman zion Ismael Moreno epaileari. Fiskalak gogorarazi dio, ordea, kasua artxibatu egin zutela, baina Sorzabalek erantzun dio berriro irekitzekotan direla, froga gehiago aurkeztuta.
Sorzabal preso dago Reuko espetxean, baina behin-behinean Espainiara entregatu dute epaiketa dela eta. Epaiketak gaur jarraituko du.
46 urteko espetxe zigorra eskatzen dute Fiskaltzak, Estatuaren Abokatutzak eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak 1996ko azaroaren 2an Gijonen jarritako bi atentatuta parte hartzea leporatuta; ez zen biktimarik izan.
Informazio guztia Berria-ren albiste honetan.