Udalak aurrekontu sozialagoak egiteko aukera galdu duela esan du EH Bilduk
EH Bilduk kontra bozkatu zuen urtarrilaren 31ko aurrekontuen udalbatzan, justizia sozialean eta hirian dagoen gizarte arrakalan gehiago sakondu behar zutela iritzita.
2022ko aurrekontuen onarpenaren ondotik, EH Bilduk aurrekontua sozialagoak egiteko aukera galdu dela deitoratu du. Aurrekontuak aurrera irten ziren arren, —Udal Gobernu Taldearen aldeko botoak lortu zituen— koalizio independentistak kontrako botoa eman zuen, aurrekontuek “justizia sozialean” eta Irunen dagoen “gizarte arrakalan” askoz gehiago sakondu beharko luketelakoan.
EH Bilduk auzoak indartzeko dinamikaren alde egin du, eta Irun auzoek egiten dutela iritzita, horiei baliabideak ematea ezinbestekotzat jo du: HAZ zerbitzua, ongizate arloko unitatea eta liburutegi saretua dira bultzatu dituen proiektuetako batzuk. Tamalez, udal gobernuak bestelako eredu bat” duela kritikatu du, eta “herritarrengandik gertuago egoteko aukera ona” galdu dela. EH Bilduren zuzenketa ez, baina gaiaren gaineko ikerketa bat egiteko 20.000 euro bideratuko ditu udalak, eta koalizioa asebetetzen ez duen arren, proiektua gauzatzeko “abiapuntua” izatea espero du.
Alokairuko etxebizitza parkearen aldeko apustua ere nabarmendu du EH Bilduk. Aurreko urteetan, 6 milioi euroko akordioa lortu duela gogorarazi du, eta inbertsio hori “inflexio puntua” izango dela iritzi dio Irungo etxebizitza merkatuan: “espekulazioarekin bukatzeko urrats garrantzitsua”. Gazteekin lotu du gaia, eta gazteei zuzendutako apartamenduak sortzeko proposatu dutela gaineratu du.
Udalak ez du aintzat hartu, ordea, baina horren alde lanean jarraituko duela iragarri du. Horri lotuta, Lucas de Berroa kaleko erromesen aterpetxe ohian etxebizitza publikoak egiteko proiektua onartu dutela gogorarazi du.
Aurten aurrekontu akordioa lortzeko baldintzarik eman ez den arren, “eskuak luzatuta” dituela nabarmendu du EH Bilduk, “oraingoan posible izan ez dena aurrerantzean gauzatu dadin, beti ere, irundarron bizi-baldintzak hobetzeko helburu argiarekin.”