Haur parkea estaltzearen proiektua, aurrekontu parte hartzaileen irabazle
Herriko 15 haur parkeetatik zein estaliko duten erabakiko du orain udalak, "irizpide desberdinak" aintzat hartuta. Datorren astean, proiektuari buruzko xehetasun gehiago emango dituztela aurreratu du Maria Serrano Ekonomia ordezkariak.
Lehen aldiz egin diren aurrekontu parte hartzaileetan 710 pertsonek eman dute botoa, eta proiektu garailea, haur parke bat estaltzea izan da. Bozen %35a jaso du parkearenak, eta ondoren %29ko bozekin, Amuteko frontoia estaltzea aukeratu dute herritarrek.
Hondarribian 15 parke daude guztira, eta orain, zein izan daitekeen egokiena estaltzeko erabaki behar du udalak, “irizpide desberdinak jarraituz”. Hurrengo astean erabakia zein izan den argitara ematea espero dutela azaldu du Maria Serrano Ekonomia ordezkariak, “zer nolako estalkia izango den eta nola prestatuko den guztia” jakiteko.
Horretarako, proiektu bat idaztea eskatuko diote “ingeniaritza edo arkitektura estudio bati”, eta orduan, apirileko udalbatzan egingo den kreditu aldaketan, erabiliko duten diru kopuruaren berri emango dute, izan ere, obrak gauzatzeko zenbateko aurrekontua erabili ahalko den ez zuten erabaki. Dena den, proiektu osoa gauzatzeko kreditu bat ezarrita bai badagoela esan du ordezkariak, hala ere, ez du zenbatekoa zehaztu.
Prozesuari buruzko balorazio positiboa egin du Serranok, nahiz eta dinamika hau martxan jartzea kostatu zitzaiela aitortu duen: “Lehenengo urtea izan da, lehenengo froga. Egia da ez dela librea eta irekia izan baina udala garen aldetik ez genuen gure burua ikusten prozesu handiago bat kudeatzeko prest”.