Arrantza sektorean belaunaldien erreleboa gauzatzea xede duen ikastaroa, ostiralean
Arrantza eskoletako ikasleei zuzendutako ikastaroa da batez ere, baina edonork parte har dezake, beti ere aurretik izena eman bada.
Gaur egun arrantza sektorearen erronka nagusia, sektorearen lehiakortasuna mantentzea, hobetzea eta arrantza ontzidian belaunaldien erreleboa bermatzea dela dio Eusko Jaurlaritzak.
Hori dela eta, Prestakuntza, Euskadiko arrantza sektorean belaunaldien arteko erreleboaren funtsezko faktorea deituriko jardunaldia egingo dute Itsas Etxean, otsailaren 11n, 09:00etatik 11:00etara.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu du HAZIrekin batera, eta xedea, euskal arrantza sektorean dauden lan aukeren berri ematea da, “arrantza jarduerak aukerak eskaintzen dituela erakustea”, baita arrantza eta akuikulturarekin lotuta dauden prestakuntzak ezagutaraztea ere.
Bereziki arrantza eskoletako ikasleei zuzendutako jardunaldiak dira, baita Bigarren Hezkuntzako ikasle gazteei ere. Ikastaroak hiru atal izango ditu: Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza-jardueraren egungo egoera aztertzea; nautikako eta arrantzako irakaskuntza arautuez eta laneratzeko programak jorratzea; eta bukatzeko, bi mahai-inguru.
Lehen egunean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Bittor Oroz Nekazaritza, Arratza eta Elikagaien Politikako sailburua; Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea bertaratuko dira. Politikariez gain, euskal arrantza-sektore osoko (baxurako arrantza, alturako arrantza freskoan, atunontzi izoztaileak eta artisau-flota) ordezkariak izango dira bertan.
Ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da lotura honetako txantiloia erabiliz.