Jendetza bildu da Iratxe Sorzabali sostengua emateko
Jendetsua izan da preso irundarra babesteko egindako manifestazioa. Sorzabal astelehenetik aurrera epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean torturapean eginiko testigantzak aintzat hartuta.
Dozenaka irundar elkartu dira gaur arratsaldean Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeak Iratxe Sorzabal preso irundarraren alde antolatutako manifestazioan. Sorzabal astelehen eta asteartean, hilak 7 eta 8, epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean torturapean ateratako testigantzak aintzat hartuta.
‘Salbuespenezko epaiketarik ez! Torturarik ez! Iratxe etxera!’ lelopean irten da manifestazioa 18:00etan San Juan plazatik, eta ibilbidea Zabaltza plazan bukatu da. Manifestazioaren amaieran, Sorzabalen egoeraren inguruko manifestu bat irakurri dute Zabaltza plazako kioskoan, preso irundarrak eta beste hainbatek jasandako torturak deuseztatzen eta salatzen dituena. Argi utzi dute, Sorzabalen atxiloketatik 21 urte betetzear direla “oraindik ere torturen ondorioak pairatzen” ari dela, eta “tortura haien ondorioz eginiko autoinkulpazioak datorren astelehenean epaiketa berri batera” eramango dutela.
Gainera, gehitu dute “torturapean eginiko polizia deklarazio haietatik lau prozedura judizial ireki zizkiotela. Horietako bat duela urtebete justizia frantsesak atzera bota zuen tortura zantzu argiak zeudelako”. Beste kasuetan ez bezala, “Iratxek jasandako torturen ebidentziak argitara atera ziren, baina Iratxerena salbuespen bat izan zen, oraindik milaka kasuk ilunpean jarraitzen baitute”.
Euskal Herrian torturaren “atzapar krudeletatik” pasa direnak milaka izan direla zehaztu dute, eta gaur egun “ankerkeria horien arduradunek ez dute inolako zintzotasun ariketarik egin eta ez eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman”.
Badakite “bide luzea” dutela oraindik jasandako tortura adierazpen guztiak “sendabidean” jartzeko. Horrez gain, Frantziako, Espainiako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete “neurri legalak artikula ditzatela tortura kasuak berriro ere gerta ez daitezen, eta pairatu duten guztiei erreparazio eskubidea aplika dakiela zentzu guztietan”.
Torturaren errealitateak bi gauza eskatzen dituela berretsi dute. Alde batetik, “ardurak onartu eta argitzea”; eta, bestetik, “Iratxerentzat eta tortura salatu duten auzipetu eta zigortu guztientzat haien epaiak edo martxan diren eginbide judizialak baliogabetzea”.