"Anbizio handiko" Via Irun 2030 aurkeztu du EAJk, egungo proiektuaren alternatiba
Udal gobernuak 2018an onartutako Adifen proiektua hasierako egitasmoa baino "xumeagoa" dela azaldu du EAJk, eta Via Irun 2030 proposamenarekin, trenbidearen 20.000 metro koadro gehiago estali nahi ditu.
Via Irun 2030. Eta abizenean, 2030ean, egin du ñabardura Xabier Iridoy EAJko udal bozeramaileak. Gaur aurkeztu du “anbizio handiko” proiektutzat jo duen proposamena talde jeltzaleak, egungo Via Irun proiektuaren alternatiba gisa.
Iridoyrekin batera izan dira EAJren beste hiru udal ordezkari Josu Igiñiz, Lourdez Larraza eta Jasone Ugarte.
2018an udal gobernuak Adifekin batera onartutako exekuzio proiektua “inflexio puntua” izan dela adierazi du Iridoyk, hasiera batean aurkeztutako proiektua baino xumeagoa zela iritzita. “Egun batetik bestera” egitasmoa “nabarmen” murriztu zela esan du, “Aduana kaleko trenbide zahar bezala ezagutzen den gunera”. 2015eko plan orokorrean 360.000 metro koadroko gunea biltzen bazen –Geltoki deitutakoa-, 65.000 metro koadrora murriztu zela gogorarazi du Iridoyk, eta hor heldu zela jeltzaleen “etsipena”. Iridoyren arabera, proiektu horrek ez ditu “hiriak behar dituen beharrak eta arazoak” konpontzen, eta “ikuspegi erredukzionista” du.
EAJk proposatutako Via 2030 proiektuak, berriz, trenbideen 20.000 metro koadro gehiago estaltzea jasotzen du, “Zabaltza plaza adinako lau”, eta hortik irabazitako lurzoruari esker, trenbide eremua leheneratu eta Irun bitan banatzen duen arrakala ezabatuko litzatekeela azaldu du bozeramaile jeltzaleak. 20.000 metro koadro horiek Colon pasealekutik Adifen tren geltoki berrira arte hedatuko lirateke.
Horrez gain, San Migel eta Pio XII plaza lotuko dituen errepide berri bat jasotzen du EAJren proiektuak. Modu horretara, hiriko erdigunearekiko konexioak hobetuko liratekeela iritzi dio Iridoyk, “Colon pasealekuko zubian inbutu harrigarria daukagu”. Iridoyren esanetan, “mugikortasun jasangarrira” bideratuta egongo da, bidegorri sare bat planteatzen baitu, oinezkoentzako bideez gain. Autobus geltoki berrira sarbidea hobetuko dela ere gaineratu du.
Iridoyk ez du Via Irunik “ulertzen” Euskotrenen trenbiderik gabe, “porrota litzateke”. Beraz, Via Irun 2030 proiektuak Euskotren trenbidearen lekualdatzea proposatzen du. “Geltoki bakarrean trena, topoa, autobusa, bizikleta eta autoa” elkartuko dira, bozeramaile jeltzaileen esanetan.
Horrekin lotuta, bozeramaileak onartu du “kezkatuta” daudela Adifek ez duelako Euskotrenentzako bi trenbide uzteko asmorik agertu oraindik, “paralizatuta” dago. Zentzu horretan, Jose Antonio Santano alkatearengana zuzendu da, eta Via Irunen jarraipen batzordean jarduteko eskatu dio. Izan ere, Espainiako Gobernuak 1 milioi euroko aurrekontua onartu du kongresuko EAJrekin negoziatu ondoren, Via Irun 2030en irizpideak jasotzen dituen exekuzioa proiektua idazteko. Haatik, udal gobernuak ez du EAJren ekimena oraingoz babestu.
Hurrengo pausoak
EAJk 26.000 aleko eskuorria banatzen ari da etxez etxe herritarrei horren berri eman, eta beren iritziak jasotzeko. Horrez gain, herritik hasita, hainbat elkarte eta agente sozialekin bildu dela azaldu du, eta baina maila instituzionalean ere lanean ari dela proiektu horren alde Espainiako Diputatuen Kongresuan nahiz Senatuan baita Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere. “EAJ oso proiektuarekin inplikatuta dago”, esan du Iridoy.
Datorren astean PEMUS edo Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planaren batzordea bilduko denez, Via Irun 2030 plana kontuan hartzeko eskaera ere erregistratu du.
Edozein kasutan, egitasmoa aurrera ateratzeko gakoa alkatea dela argi utzi du Iridoyk, “berak har dezake proiektu horren lidertza”, adierazi du. Momentuz Santanok agertutako jarreraren aurrean, ordea, herritarrak dira “giltza” gaineratu du, “beraiek alda dezakete iritziz”.