[Elkarrizketa] «Kontatzerakoan zerbait esan nahi duzula kontuan izatekoa da»
Ia 20 urtez irakasle izan eta gero, ipuin kontalaritzari eskaini dio bizitzaren beste hainbeste urte Lekuonak. Egun, liburutegietan «sagu bat bezala» ipuinak bilatzen aritzen dela aitortu du.
Irakaskuntza utzi zenuen 20 urtez bertan aritu eta gero. Argi zenuen ipuin kontalaritzaren bidea jarraitu nahi zenuela?
Ez, ez. Bizitzari ateak irekitzea izan dela uste dut, itxoitea zein egoeratan bidera nezakeen nire bide berria. Irakaskuntza, nire lanbidea, nire barruko lanbidea da, baina eskola lanak asko eskatzen zidan eta nik asko ematen nuen, eta iritsi nintzen puntu batera gehiegi eman nuela. Orduan, eszedentzia bat hartu nuen, ezin nuelako gehiago. Eszedentzia horren ondoren nire bizitzan gauza asko jarri nituen bere lekuan, eta ikusi nuen haurrekin jarraitu nahi nuela, baina beste modu batera. Eskolara etortzen zirenean ipuin kontalariak, horien artean Peio Añorga aipatu behar dut, txundituta uzten ninduen. Pentsatzen nuen hura zela gauza zoragarri bat haurrekin egiteko. Ikusi nuen nire burua hori egiten, eta gauza eder bat bezala egingo nuela pentsatu nuen. Orduan, senarraren laguntza handiarekin erabaki genuen etapa berri bati ekitea, eta horrela hasi nintzen ipuin kontalari bezala.
Kontakizunak zuk idatzitakoak dira, edota jada idatziak dira?
Bergarako idazle eskolara joan nintzen, hori pixka bat begiratzeko, ea ni neu nire ipuinak idazteko gai nintzen edo ez, eta zer edo zer egin nuen garai horretan, baina ikusi nuen publikatzea oso zaila zela. Hartara, hori ez zela nire bidea ohartu nintzen, eta akaso, hainbeste ipuin edukita, pentsatu nuen errazago izango zela niretzat bilatzea nire gustukoak zirenak. Ipuin bat irakurtzen dudanean, sumatzen dut, berehala, kontatzeko gai naizen, gustuko dudan ala ez. Zimiko bat sumatzen dut bihotzean. Esaten dut, ‘buah! hau da’. Bestetan, irakurtzen badut zer edo zer eta ez badit ezer ez esaten, horrekin ez diot ezer ere esango inori. Hori sumatu egin behar dut. Gainera, liburu pila daude euskaraz gaur egun, baditugu aukera ederrak, politak eta oso eguneratuak. Idazle onak ere baditugu eta horretan bizi naiz gaur egun, sagu bat bezala liburutegietan altxor hauek bilatzen.
Protagonista maiterik baduzu kontakizunetarako?
Animaliak gustatzen zaizkit. Gehienbat jotzen dut haur txikien adinera, bi urtetik hamabira artekoekin ibiltzen naiz. Adin horretan, beraz, oso aproposak iruditzen zaizkit animaliak beraien munduetara iristeko, oso abiapuntu polita dira. Haiekin gauza asko landu daitezke, baloreak, adibidez; eta baita beraien artean gertatzen zaizkien gauzak, baina gero pertsonengan isla daitezkeenak ere.
Zein lekutan aritzen zara ipuinak irakurtzen?
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan nagusiki. Gero, leku zehatzei dagokienez, liburutegietan eta eskoletan batez ere. Euskal Idazleen Elkartearen parte naiz eta Eusko Jaurlaritzak egiten duen programa baten barnean nago, Idazleak ikastetxeetan izenekoa, eta horrek bultzada handia ematen du idazleak eta ipuin kontalariak eskoletatik pasatzeko. Oso aukera polita da guretzako. Baita ere egon naiz ospitalean, eta zaharren egoitza batean kontatu nuen behin ere. Jakinda nik haurrentzat bakarrik kontatzen dudala, zaharren egoitza batera joateko proposamena egin zidan Maite Franko, nire lankideak, eta onartu egin nuen. Garai hartan, nire amaginarreba adinekoen egoitza batean zegoen alzheimerrarekin eta askotan bisitan egoten ginenean ikusten nuen behar zutela zerbait. Haurrak bezala ikusten nituen eta gustatu zitzaidan erronka. Hortaz, joan nintzen, egin nuen, eta oso hunkigarria izan zen, baita bertako jendearentzat ere. Adineko gizon bat atera nuen nirekin dantza egitera, ipuinean horrela kontatzen zelako, eta zoragarria izan zen galdetu zidalako ‘nirekin ezkondu nahi duzu?’. Nik uste dut, bere emaztearekin dantzan zegoela uste zuela, eta oso polita izan zen.
Abelino Barriola deklamazio saria jaso zenuen bi aldiz, 2000. eta 2001. urteetan. Zertarako balio izan zizun?
Niretzat literatura oso garrantzitsua izan da beti, eta uste dut gaur egun oso lan zaila dela haurrengana iristea irakurketaren gozamena. Hau da, erakargarria bilakatzea literatura. Abelino Barriolak egiten duena da irakurketaren deklamazioa, ondo irakurtzea, espresioa ematea, sentituz irakurtzea lortzea. Niretzat erronka oso handia izan zen. Haurrek altu irakurtzea oso zaila da, urduri jartzen dira batzuetan eta ez dute ohitura handirik, egun, eskoletan ez dutelako ahotsa altxatzen. Gaur egun ez zaio hainbesteko garrantzia ematen, nahiz eta nik uste dudan baduela. Ez bakarrik irakurketarengatik, baizik eta norberarengan konfiantza erakusten duelako. Balore asko daude hor.
Ez da berdina irakurtzea eta kontatzea. Zer izan behar da kontuan kontatzerakoan?
Kontatzerakoan zerbait esan nahi duzula kontuan izatekoa da. Xehetasun guztiak ematen ditut. Zerbait esan behar badut, bidean ikusi dudana kontatzen dut. Hainbeste gustatzen zait gauzak izan diren moduan kontatzea, niretzat hori dela kontatzea. Ez bakarrik gauza bat esatea, baizik eta besteak uler zaitzan eman behar dizkiozun detaile horiek denak ematea. Kontaketa nola datorren? Ez dut ezer egin prestaketa bat izateko, ez dago ipuin kontalarien eskola bat. Nik sentitu egiten dut kontatzeko gogoa dudala, eta horretarako prestatzen naiz. Hori bai, kontatzen dudanean, bihotz-bihotzez egiten dut. Une horretan niretzako ez dago besterik munduan, nire haurrak nire aurrean eta ni ahalik eta hoberen egiteko saiatzen.
Entzuleak haurrak izan ohi dira, baina gurasoek zer esan izan dizute?
Gurasoei beti ematen dizkiet eskerrak haurrak ekartzeagatik. Nik badakit badituztela gauza pila bat egiteko eskolatik irtetean, eta erabakitzen dutenean zer egin eta azkenean niregana etortzen direnean, asko eskertzen diet. Izan ere, badakit haurrak bakarrik ez liratekeela etorriko, eta bide hori beraien esku dago. Batzuetan saioetan egoten dira, eta era guztietako jarrerak daude, baina askotan gurasoek parte hartzen dute haurrek bezala. Asko eskertzen dut ere gurasoek haurrei eskerrak emateko esaten dietenean, zeren eta gaur egun askotan ematen du gauzak horrela direla, eta ez dugula eskertu beharrik. Eskerrik asko esatea beharrezkoa da eta polita.