Irungo Udalak bloke kirurgikoko proiektua geldiarazteko eskatu du
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak egindako erantzunak ez du asebete udala, eta zalantza horiek argitu arte lanak egiteko esleipena geldiarazteko eskatu du.
Irungo Udalak Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoan egitekoak diren lanen harira, proiektuaren esleipena geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari harik eta mahai batean argitu arte bai udalerri, langile, sindikatu eta Osasun Bidasoa plataformarekin proiektuaren nondik norako guztiak. Udal talde guztiek bat egin dute adierazpen instituzional horretan EAJk izan ezik.
Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak emandako erantzunak ez dituela “eskatutako xehetasunak” bete adierazi du udalak, eta horregatik egin du orain eskaera: “Bidasoa Ospitaleko instalazioetan inbertitu beharrarekin ados egonda ere, gutxieneko azalpenak jaso ez dituenez, udalak proiektua gelditzeko eskatu du, harik eta Ospitalearen etorkizunari eta lanen helburuei buruz informazio eta segurantza handiagoa izan arte”.
Horrez gain, udala “kezkatuta” azaldu da, langile eta profesionalen eskutik proiektuaren gainean jasotako informazioarekin, “lanek Ospitalearen etorkizunik eza adierazten dutela diote, ez diotelako begiratzen etorkizunari; haien ustez, plangintzak ez ditu kontuan hartzen erabiltzaile eta profesionalen benetako beharrak”.
Era berean, Sagarduiri herritarren nahiz profesionalen beharrak entzuteko galdegin dio: “Bada garaia datak jartzeko eta Osasun Sailak aurreikusitako proiektuak zehazteko, baina, aldi berean, baita Saileko arduradun nagusiek profesionalei, erabiltzaileei eta dagozkien erakundeei haiei buruzko xehetasunak
emateko ere”.
Hona hemen adierazpen instituzionala osorik:
Joan den azaroan, komunikabideetan Bidasoa Ospitaleko Kirurgia Blokea
handitu eta modernizatzeko proiektuari buruz agertzen zihoazen albisteak ikusita,
informazio nahikorik ez zegoelako eta osasun arloko langileen eta herritarren artean
eztabaida publikoa pizten ari zelako kezkatuta, Irungo Udaleko Bozeramaileen
Batzordeak lanei eta eskualdean egin beharreko gainontzeko inbertsioei buruzko
informazioa eskatu zion Osakidetzari.
Bi hilabete baino gehiago igaro dira, eta sailburuaren erantzunak ez ditu ekarri
eskatutako xehetasunak. Gainera, ez da izan eskatutako informazioa emateko
erakunde arteko bilera bat egiteko aukerarik. Horregatik, Bidasoa Ospitaleko
instalazioetan inbertitu beharrarekin ados egonda ere, gutxieneko azalpenak jaso ez
dituenez, Udalak proiektua gelditzeko eskatu du, harik eta Ospitalearen etorkizunari eta
lanen helburuei buruz informazio eta segurantza handiagoa izan arte.
Aitzitik, aste hauetan, Ospitaleko profesionalekin albiste jakin batzuk
kontrastatzeko aukera izan dugu, eta gehien-gehienek kezka adierazi digute
planifikatutako lanen inguruan, lanek Ospitalearen etorkizunik eza adierazten dutelako,
ez diotelako begiratzen etorkizunari; haien ustez, plangintzak ez ditu kontuan hartzen
erabiltzaile eta profesionalen benetako beharrak.
Arantzako, Etxalarko, Igantziko, Lesakako eta Berako alkateek, berriz,
Ospitaleko zerbitzuak erabiltzen dituzten udalerrietako buru diren aldetik, adierazpen
bat kaleratu dute, Kirurgia Blokea berritzeko prozesua aurrera eramateko moduaz
kezkatuta daudela jakinarazteko.Horregatik guztiagatik,
– Bidasoko Eskualdeko Ospitaleko Kirurgia Blokea berritzeko lanen esleipena
gelditzeko eskatzen dugu, harik eta lanen xehetasunak jakin eta mahai baten
inguruan dagozkien udalerrietako arduradunekin, langileekin, sindikatuekin eta
Osasun Bidasoa plataformarekin eztabaidatu arte, egungo aurreikuspenek kalte
handia egingo bailiekete Ospitalearen erabiltzaileei.– Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduiri eskatzen diogu herritarren aldarrikapenak
entzun ditzan eta Bidasoko Eskualdeko Ospitaleko Kirurgia Blokea berritzeko
egungo proiektua gelditu dezan.– Osakidetzaren eta dagozkien udalerrietako arduradunen, Ospitaleko profesionalen
eta Osasun Bidasoa plataformaren arteko mahai bat eratzeko eskatzen dugu, non
Bortzirietako ordezkariek ere parte hartuko duten, Ospitalea datozen urteetako
behar tekniko eta sanitarioei erantzuteko beharrezkoak diren baliabideez hornitzeko
proposamenak aztertzeko;Ospitaleko zerbitzuak hobetu beharraz gain zerbitzu gehiago eskaini beharra dagoela
gogorarazten dugu, inauguratu zenetik gero eta erabiltzaile gehiago baitituzte
Ospitaleko zerbitzuek. Ildo horretatik, beharrezkoa iruditzen zaigu Irungo hirugarren
anbulatorioaren proiektuari segurantza ematea.Azken batean, gure ustez, bada garaia datak jartzeko eta Osasun Sailak aurreikusitako
proiektuak zehazteko, baina, aldi berean, baita Saileko arduradun nagusiek
profesionalei, erabiltzaileei eta dagozkien erakundeei haiei buruzko xehetasunak
emateko ere.Goazen aurrera denok elkarrekin, hitz egin dezagun dagokigun erakundeon artean eta
ez diezaiegun kezka gehiago sorraraz gure herritarrei, bestela ere erronka eta
eraldaketa garrantzitsuak baititugu aurrez aurre. Ez dugu etsiko proiektuari buruzko
xehetasunak jakiteko ahaleginean.