Hondarribian egiten zen blues jaialdia, Bilbora
Hondarribia Blues Festival antolatzen zuen Carlos Mallesen lantaldeak hartu du Bizkaiko hiriburuan egingo den blues festibala antolatzeko ardura.
Gaur aurkeztu dute Bilboko udaletxean Bilbo Blues Festival. Bizkaiko hiriburuko udalak hartuko du beregain antolakuntzaren kostu osoa. Nabarmentzekoa dena da festibalaren antolakuntzaren ardura Carlos Malles eta bere lantaldearena dela, hau da, 2018ra arte Hondarribia Blues Festival antolatu zuen lantaldearena. Hainbat arazo tarteko, Euskal Herrian bakarra zen eta etenik gabe hazten ari zen jaialdia ez da beste behin egin herrian; bluesaren eta oro har musikaren erreferentzia izatea lortu zuen festibalak. Uztailaren 29tik 31ra egingo dute Bilboko jaialdi horren lehen ekitaldia, Hondarribian egiten zenaren data antzekoetan, eta filosofia berberarekin.
Hondarribian hamahiru izan ziren egindako edizioak, 2018ekoa azkena. 100.000 pertsonako audientzia izan ohi zuten Hondarribian egin ziren jaialdietako emanaldiek, denak doan zirelarik, eta herriko hainbat tokitan ezartzen ziren oholtzak. Herri osoa bluesarekin blaitzen zen. Gainera, jaialdiaren osagarri ziren bestelako jarduera asko izaten ziren, tartean haurrentzako kontzertu pedagogikoak.
Albiste honekin batera doazen loturetan (behean daude), jakin daiteke zergatik ez den egin 2018tik blues jaialdia Hondarribian. Horietan Carlos Malles antolatzailearen eta Blue Vision produktoraren, nahiz Hondarribiko Udalaren iritziak daude.