Argi dudan gauza bakarra
Hau idazten ari naizela, hala dio berria.eus atariko titularrak: «Gaitza pasatu dutenei hirugarren dosia bost hilabeteren buruan jartzeko gomendatu die orain Espainiako Osasun Batzordeak». Ez nuen nahi, inspirazio ederrik sortuko ez zidala eta ez didala jakitun, baina azken batean gaia aipatzera noa. Bai, barka nazazu irakurle, baina nik zintzoki idatzi ohi dut, eta gaurkoan ere hala egin nahiko nuke. Bestela, zertarako?
Osasun izurritea, pandemia edo dena delakoa horretan bilakatu denaren sentsazioa daukat: txertoa, eta txerto honen dosien bueltan. Tempus batzuk daude Alemanian, beste batzuk Italian, besterik Frantzian edota Espainian. Eta azken hauek eragiten digute guri bereziki.
Akabo heriotzak, bost axola mundu mailako txertaketak, kaput txertatu ala ez aukeratzeko eskubidea. Txio andana irakurri ditut azken asteetan. Osasun pasaportearen alde zein aurkakoak. Jendea sareko eztabaida beroetan murgildurik irakurri dut, haserre mintzo, ironiaz mintzo. Ez naiz ni inor debatea zentratzeko. Ez naiz inor ere, halakori edo bestekori txertatzeko esateko edota ez txertatzeko aholkatzeko.
Zintzoki mintzatzen banaiz, niri zinez bost axola zait nire ingurukoak txertatzen diren ala ez. Kutsatuak dauden ala ez. Bost axola. Txertatu nahi ez duenaren erabakitze eskubidea errespetatzearen aldekoa naiz, baita txertatu nahi duenak, horretarako eskubidea bermatua ukatearen aldekoa ere.
Nik jada, hiru txertoak hartuak ditut, nire borondatearen aurka. Bai, baten batek lepotik heldu eta estutu banindu bezala hartu ditut ingresatua dudan aita ikusi ahal izateko. Gaiaren inguruan iritzi propio bat ukateko denborarik ukan gabe hartu behar izan dut hirugarrena. Egun batetik bestera. Oraindik ere, ez dakit ongi egin dudan ala ez. Ez dakit egin dudanarekin ados nagoen ala ez. Ez dakit kalterik eraginen didan ala ez.
Baina jakin badakit, osasun pasaportearen aurkakoa naizela. Barne gogoeta, barne eztabaida eta barne entsalada honen barruan, horixe da argi dudan gauza bakarra. Fini.
(Zutabea hau idazteko ondorengo txandan baliteke musukorik erabili behar ez izatea leku itxietan, baliteke delako pasaportearen kontua malgutzen hastea, litekeena da kalean bisaiak libreki ibili ahal izatea… Boterean dauden jauntxo politikariek zer erabaki beha egon beharko dugu. Hori ere badakit).