Inauterietako XII. erakusleiho lehiaketa, abian
Erakusleihoen diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuen aurkezpena baloratuko dute epaileek. Otsailaren 21tik 28ra izango da lehiaketa.

Hondarribiko 2022ko Inauterietako XII. Erakusleiho Lehiaketa antolatu du udaleko Turismo eta Merkataritza Departamentuak. Otsailaren 21tik 28 arte egon beharko dute apainduta erakusleihoek, eta parte hartzeko izena eman behar da BAZen, otsailaren 8a baino lehen.
Merkataritza herriko biziaren parte egiteko saiakera da txapelketa hau. Horrez gain, Maria Serrano Merkataritzarako eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak azaldu du “inauteriei ahalik eta kolore gehien” eman nahi dizkiotela, eta azken 12 urteetan parte-hartzaile gehiago batu direla nabarmendu du.
Lehiaketaren xehetasunei dagokienez, hiru sari banatuko dira 450, 300 eta 200 eurokoak, eta epaimahaiak, diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena izango ditu kontuan. Gainera, ezinbestekoa izango da erakusleihoa kalera begira izatea, bestela ezingo da lehiatu.