[Erreportajea] Txotxongiloak eskuan, mugak gainditzen ari da Ostomila
Irungo txotxongilo taldea Erdialdeko Amerikan da hainbat ikuskizun eskaintzen, gutxienez, otsailaren bukaerara arte. Euskal Herriko eta Latinoamerikako kulturen arteko fusioarekin lan egiten du konpainiak.
Aurten bai. Pandemia oraindik bukatu ez bada ere, Ostomila Txontxongilo Taldeak Erdialdeko Amerikan barrena 2020an egitekoa zen bidaia aurrera ateratzeko tenorea izan du oraingoan. Une honetan Nikaraguan dira; HITZArekin hitz egiteko tartea hartu dutenean, Managuan, baina beste departamenduetara joateko asmoarekin dira, Leon, Jinotera eta Estelira, esaterako, Tamara Cuellar Ostomilako kideak jakinarazi duenez.
Birak helburu bikoitza duela azaldu du. Batetik, antzerki zirkuituaren barruan aurkezpenak egitea, eta, bestetik, antzerkia iristen ez den tokietara hurbiltzea, landa eremuetara, kasu. Nikaraguatik Costa Rica eta El Salvadorrera joateko prestaketak egiten ari dira, baina ez dakite ziur COVID-19a dela-eta mugak irekita mantenduko dituzten, baina euren asmoa hori da.
Hiru proiektu aurkezten dabiltza Erdialdeko Amerikan: Alaia galtzagorria, Osaba untxia eta osaba koiotearen abenturak eta Ruben Dario jardunaldietarako propio prestatutako ikuskizun bat. Alaia galtzagorria-k euskal mitologia eta Latinoamerikako txotxongiloak elkartzen ditu: “Identitate nahasketa horrekin jokatzen dugu. Ni Nikaraguakoa naiz, eta Ruben [Mejuto] irundarra da. Identitate horiek fusionatuz lortzen dugu gure zigilua”. Txerrentxu deabruak Zezengorriaren altxorra lapurtzearekin batera abiatzen da istorioa. Hortaz ohartzean, Zezengorriak Alaia galtzagorriari deitzen dio, altxorra berreskuratzeko misioa aginduz. “Umeak izango dira Alaia galtzagorriaren laguntzaileak, eta haiek esango diote Alaiari nora doan Txerrentxu. Deabrua, bestalde, Euskal Herriko altxor guztiak lapurtzera joango da: Basajaunaren ogia, bertsolarien bertsoak, joaldunen joareak…”.
Mejuto musikaria izanik, obraren beste zutabea musika da. Euskal Herriko konpositore eta musika taldeen abestiak interpretatzen dituzte obran: Guridi, Eva Ugalde, Oskorri… Obra hiru musika euskarritan eskaintzen dute: zuzeneko musikarekin, eta, hor Irungo Musika Bandarekin elkarlanean aritu dira; lau musikariren zuzenekoarekin; edo musika grabatuarekin. Hain zuzen, Donostiako Miramongo anfiteatroan aurkeztu zuten obra bandarekin batera iaz, eta “izugarrizko esperientzia” izan zela adierazi du Cuellarrek. Horrez gain, Irunen bertan ere Amaia KZn aurkeztu zuten formatu berean, baita Landetxa Auzo Elkartean ere, baina, kasu horretan, bandarik gabe.
Erdialdeko Amerikako bira grabatutako musikarekin egiten ari dira, eta hizkuntza ere aldatu dute, gaztelaniara. Nolanahi ere, hango haurrak euskarazko hitzekin eta bertsoekin —horiek ere euskaraz mantendu dituzte— “harrituta” geratzen direla esan du Ostomilako kideak: “Publikoari asko gustatu zaio, esperientzia oso polita izan da, eta umeek oso ondo pasatu dute”. Managuako euskaldunengana iristea lortu dutela gaineratu du, “agurtzera etorri dira, eta euskara aditzea gustatu zaiela esan digute. Identitateak mugak gainditzen ditu”.
Untxia eta koiotea
Identitate fusio horretatik jaio den Osaba untxia eta osaba koiotearen abenturak ikuskizuna ere aurkeztu dute Pepe Prego In Memorian nazioarteko antzerki jaialdian. Kasu horretan, Nikaraguako ipuin tradizionaletan oinarrituta dago istorioa, eta Cuellarren bizitzako parte garrantzitsua izan da. Euskal Herrira etorri zenean, ikuskizuna egoerara moldatuz joan da, tartean, euskaratuta. Animaliak arketipoak direla zehaztu du: untxia txikia baino azkarra, eta koiotea handia eta botereduna baino tentela. Familiei zuzenduta dago, eta «oso harrera ona» izaten ari da. Azkenik, Ruben Dariori buruzko jardunaldien harira, poeta nikaraguarrari buruzko proiektu bat osatu dute, eta igandean nahiz otsailaren 5ean aurkeztuko dute.
Gutxienez, otsailaren amaierara arte daukate han geratzeko asmoa. “Hemen [Erdialdeko Amerikan] egutegiak beti daude irekita, eta ideia bat planteatzen duzunean, aukera dago beti aurkezteko”. Halaber, Dominikar Errepublikako jardunaldi batzuetan ere eman dute izena, eta erantzunaren zain daude. Euskal Herrian, uda edo udazkenerako espero dute aurkezpenak egiteko aukera izatea: “Osasun egoeraren ondorioz abenduan dena airean geratu zen. Ziurrenik udan agenda izango dugu, baina ziurgabetasunarekin bizi gara, eta oso urduri jartzen gaitu egoerak”.
Izan ere, pandemiak arte eszenikoen munduan aritzen diren langile askoren artean, Ostomilaren kasuan bezala, ziurgabetasuna eragin du, lana edukiko duduten, aurkezpenen bat bertan behera utziko dieten… “Ekonomikoki egoera oso gogorra izan da. Ni autonomoa naiz. Eman ziguten diru laguntzekin aurrera egin genuen. Egia da ere txotxongilari moduan ez naizela inoiz konfort egoeran izan, baina…”.
Cuellarrek kultura segurua dela aldarrikatu du, eta aire libreko ekintzen alde egin du, “badaude espazioak hori aurrera eramateko”. Horrez gain, pandemiaren testuinguruan arteak eragin dezakeen onura nabarmendu du: “Beldurrez bizitu dugu; kasu askotan, ez dugu gure seme-alaben sentimenduak kudeatzen asmatu, eta guk geuk ere ezin izan ditugu gure emozioak kudeatu. Hala, artea, antzerkia eta txotxongiloak kanal aproposak dira horretarako: lasaitzeko, dibertitzeko, eta entretenitzeko”.