Irungo Udalaren arabera, bonuek milioi eta erdiko eragina utzi dute hiriko ekonomian
Irun Aurrera bonuen lau kanpainak batuta, udalak ia 545.000 euroko ekarpena egin du. Bonuekin kontsumitzaileak gastatzen dituen 30 euro bakoitzeko 10 udalak jartzen ditu.
Irun Aurrera bonuen kanpainaren irakurketa egin du Juncal Eizagirre Hiri Bultzadako ordezkariak. 2020an osasun krisia lehertu zenetik, lau kanpaina gauzatu ditu udalak. Horietan 25.556 lagunek erabili dute zirkulazioan jarritako 65.000 bonuetako bat.
Bonuen sistema honakoa da: establezimendu batean egindako 30 euroko erosketa bakoitzeko (20 euro dira ostalaritzaren kasuan) 10 euro jartzen ditu udalak. NAN zenbakia baino ez zuen eman behar erosleak, eta app bat arduratzen zen zenbat bonu erabiltzen ari zen zenbatzeaz. Irundar bakoitzak 10 bonu erabil zitzakeen.
Udalak 543.000 euroko ekarpena egin duela jakinarazi du. Horrenbestez, bonuen sistema nolakoa den kontuan izanda, hiriko ekonomian 1,543 milioi euroko eragina utzi duela kalkulatu du udalak.
Horrez gain, kanpainaz kanpaina establezimendu partaideak handituz joan direla adierazi du Eizagirrek: lehen edizioan 127 izan ziren, eta laugarrenean, 230. “Esperientzia probatu duten gehienek hurrengo edizioetan ere parte hartu dute”, gaineratu du.
Hiri Bultzadako ordezkariaren gogorarazi duenez, merkatari zein ostalariak gogor jo ditu pandemiak, “bonuen bidez, laguntza eman nahi izan diegu unerik latzenetan, eta bertako denden nahiz produktuen aldeko apustuaren aldeko mezua zabaldu”.