[Erreportajea] Idazketa tailerra, idazleak fabrikatzeko asmorik gabekoa
Etenik gabeko mugimenduan dago sormenezko idazketa tailerra, Yolanda Arrietaren gidaritzapean. Irudimena landu nahi duen edonork parte har dezake, bi larunbatean behin, Zuloaga Etxean.
Martxan dago eta gelditu gabe sormenezko idazketa tailerra, nahiz eta uztailetik irailera arnasa hartzeko tartea hartzen duten. Bi larunbatean behin, 11:30ean, Zuloaga Etxean elkartzen dira Yolanda Arrietaren gidaritzapean idatziz sormena euskaraz landu nahi duten horiek.
Ez dela idazle fabrika bat, eta ez dutela inori deus demostratu beharrik dio Arrietak, «entrenatzea da nire lema». Irudimena, oroimena… Hori guztia trebatzen aritzen dira, aurkikuntza orokorra eta norberarena baliatuz: «Sormenak sosegu pixka bat eskatzen du, jolasa eta barrurako bidaia bat».
NitikGura jarduera didaktikoa erabiltzen dute tailerrean. Idaztera doan orok, ni-tik sortzen duela dio Arrietak, baina ez dela barruan dagoen alderdi errepikaezin hori bakarrik azaldu du: «Ez gara gelditzen norberan, ni hori lantzea da asmoa, baina besteekin partekatuz, gu bat landuz. Baina norberaren ni-a arakatzen dugu».
Beraz, sormen espazioan elkar elikatzea oso garrantzitsua dela ondorioztatu du gidariak, eta horretarako, idatziak elkar partekatzen dituztela. Hori asko gustatzen zaiela nabarmendu du. Batez ere, sortzen den giroa jo du ezinbestekotzat: «Oso gustura eta oso lasai joaten gara». Ordu eta erdiko saioa azkar pasatzen zaiela esan du, eta pretentsio askorik gabe joaten direla idaztera, «horrek aldartean jartzen gaitu».
Ariketak
Idazteari ekiteko hainbat ariketa planteatu ohi ditu Arrietak. Esate baterako, atera berri diren liburuen zatiak hartu eta «geureganatu» egiten dituzte, «norberak bere ekarpena egiten du. Irekita gaude». Testuak bai, baina baita musika, kartak, eta marrazkiak ere. Irudimena bultza dezakeen oro da ongi etorria tailerrean.
Etenik gabeko mugimendua beti kontuan izan beharrekoa dela uste du irakasleak, eta horretan irauteko, «idazten eta idazten, eta ez gelditzen» ahalegintzen direla aitortu du. Era berean, matrikulazioa ez denez ixten, mugimendua bermatuta dagoela azaldu du, jendea joan-etorrian dabilelako. Hori, dinamika aldatzeaz gain, pizgarri dela nabarmendu du.