Atrixun egin orduko, urte berria...
Hala ere, nabilelako nago hemen; nekeetan irria begietan aitzina begira jar gaitezen, iragana ahantzi gabe, eta gaur biziz. Gaur faltan dut zubi bat egitera gonbidatu ninduena, baina ez diot deitu, ezta idatzi ere. Pentsatu dut ongi egiten ari naizela, hau jada urrats handi bat dela. Zubiak eraiki behar ditugu, eta zauriak sendatu. Udazkenean irun behar dugu bedatsea, belar-hatsa alegia, eta ni jada prestatzen ari naiz Hatsaren Poesiarako ene olerkia. Aukerari atxikitako hizkuntza-politika irun eta josi, zirrikituen politikak probestu gure hiriak izan daitezen on eta gordailu erdal munduen barnean.
Zain dezagun, otoi, gure bihotza, geure eskuetan baitago biziraupena, eta oroit bihotz hautsiok direla aukera ingurunerik ederrenak sortzeko. Femme fatale izateari utzi nahi diot, eta galbidera eraman ninduena albo batera utzita, irabazpidera abia gaitezen denok.
Izan ere, mujer fatal hau azken urteotako balantzea egiten aritu da bere barnean, eta balantza erori zait gainera. Aunitz galdu dut, baina galera horrekin aunitz ikasi dut era berean, bizitza hori baita, etengabeko ikasketa, eta horretan gara irabazle, ikasten asmatzen badugu behinik behin. Iragan urte zaharreko urteko hitza asmatu nahian ibili dira zenbait erakunde eta hedabide, eta ezin ditut konprenitu zenbait gauza pandemia-garai honetan: nolatan da posible negatibo bat albiste positiboa izatea?
Txertoak landareak eraldatzen omen ditu beste bat bilakatzeko, eta ni ere beste pertsona bat ote naiz txertatu ondoren? Hitzak dira hitzak, haizeak barrez daramatza, eta gaueko maitasunezko hitzak egunak kolorez husten ditu. Iragan urte osoan Bidasoa aldeko hitzekin busti zaituztet Hitza-ren orrialde honetan, eta gaurgero atrixun bat egin orduko, koronabirusaren arrastorik gabe, eta txertaturik edo antzaldaturik, urte berri bat hasi dugu. Ohartzerako 2022, bikiez erdi naitekeen urtea, baina eskerroneko naiz lortu dudan guztia ikusita, ikasi dudan oroz jabetuta. Gaurkoan ere Bidasoa aldera Ezpelura errekatik datorkidan hitz batekin busti zaituztet ustekabean; oharkabean diot, ez baitut hitz hori inongo euskal hiztegietan topatu, baina Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Atlasean antzeko zerbait topatu dut: Zilbetin atrije, Dorraun atriia in edota Arbizun atija, baina atruxin egin Donamarian; Donamaria pareko herrian, Oitzen, atrixun egin erraiten da, baina ez da inon ageri, doministiku edo atxis egin orduko, desagertu baita iragandako oro, baina maite dudan oro ene barnean dago.
Azken zazpi urteotako ene balantza beharbada erori zait, eta balantzaka noa; balantzaka atzera begiratu dut aurrera egin dezadan, denbora gehiago gal ez dezadan, jada berantegi bada ere agian ene asmoak eta esperantzak betetzeko, baina agian ezer ez da berantegi, bizitzan ezer ez delako galtzen, ikasten (irabazten) badugu, ala?