Haur, gazte, kadete eta senior kategorietako 44 arraunlari ariko dira erloju kontrakoan. Gainera, berdeek talde berria estreinatuko dute seniorrean, harrobiko 4 arraunlari sartu baitira.
Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Gipuzkoako Txapelketa egingo da larunbat honetan, hilak 29, Hondarribia Arraun Elkarteak antolatuta Bidasoa ibaian. Denak 12:30ean hasiko dira, eta aireportura iristean amaituko dute parte hartuko duten 44 arraunlari eta 16 ontziek.
Erloju kontrako jaitsiera izango da, eta haurrek, kadeteek, gazteek eta seniorrek parte hartuko dute. Aipatutako lehen bi kategorietakoak, Behobiako zubitik irtengo dira, eta beste bi kategorietakoak, Puntxas gasolindegi paretik.
Hondarribia ordezkatzen arituko dira zortziko 5 ontzi, eta kategoria guztietan neskak zein mutilak itsasoratuko dira. Seniorretan izan ezik, COVID-19aren eraginez ezingo baitute lehiatu emakumeek.
Etxekoen senior eskifaia berritu egin denaren berri ere eman dute, harrobitik ateratako 4 gazte seniorretara pasa dira eta. Berdeen ontzia honako arraunlari hauek osatuko dute: Beñat Egiazu, Ibai Camarero, Xabier Irigaray, Xabier Herrador, Aimar Kanpandegi, Mattin Colas, Xabier Olaskoaga, Iker Huarte eta Iker de la Linde lemazain lanetan.
Guztira, zortziko 4 ontzik parte hartuko dute gizonek osatutako senior kategorian, hala nola, Orio, Donostia Arraun Lagunak, Ur Kirolak eta Hondarribia.