Bi landa bidetan lanak egingo ditu udalak 2022an
100.000 euroko aurrekontuarekin, Lapizeko Altamirako bidearen tarte bat konpondu eta Olaberrian Mekarriekako bidearen egoera hobetuko da.
Udalak 2022ari begira bi landa bidetan egingo dituen obrak aurkeztu ditu. Lapizen, Altamirako bidean eta Olaberrian, Meakarrekako bidean, egingo dituzte lan horiek. Guztira, 100.000 euroko aurrekontua izango dute bien artean. EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bat dela eta egingo dituzte ekintza horiek.
Altamirako bideari dagokionez, 270 metroko zati bat konponduko dute Abelenea eta Elordi baserrien artean. Bide hori “oso egoera txarrean” dagoela jakinarazi du udalak, “narriatuta eta arrakalaz betea”.
Meakarrekako bidean, berriz, nahiz eta 2020an bide horren zati bat berritu, orduan narriatuta ez zeuden eremuak hobetuko dituzte, orain; 240 metro, guztira, Aingeruenea baserriko bidegurutzetik gorantz. Zati horren egoera kaxkarraren berri eman du udalak, “arrakala ugari dauzka eta gaizki drenatzen du”.
Udalak 73.785,80 euro inbertitu zituen iaz Lapize, Olaberria eta Meaka auzoetan bideak konpontzen. 2015etik 2021era bitartean, ia milioi bat euro inbertitu dituela esan du udalak “zirkulazio handiko hainbat landabidetan”, Etxeberrin, Oiakintan eta Zamora baserriko eta Irugurutzetako labeetako sarreretan, esate baterako.
Cristina Laborda Obren ordezkariak oso garrantzitsutzat jo ditu obra horiek, baserrietako sarbideak hobetzea eta bide ibilgarriagoak egitea baitute helburu, “asko dira gure udalerriko landa-guneetara paseatzera eta gozatzera joaten diren irundarrak, batik bat eguraldi ona egiten duenean”.