Inauterietako desfilearen ibilbidea aldatu dute, jende pilaketak saihesteko
Berriz egingo dute desfileko karrozen lehiaketa, eta izena eman daiteke otsailaren 3a baino lehen.
Inauterietako desfilea egingo dute otsailaren 27an, eta honekin batera, karrozen lehiaketa ere egingo da, hala jakinarazi du Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak.
Urtero bezala, A,B,C eta D taldeak egongo dira: A taldeak pertsona bakarrekoak, B taldeak 2 eta 5 lagunekoak, C taldeak 6 eta 15 bitartekoak eta D taldeak 15etik gorakoak. Azkeneko talde honetan, Hondarribikoak eta ez Hondarribikoak desberdinduko dituztela zehaztu dute.
Ibilbidea aldatu egin dute pandemiarengatik, jende pilaketak saihestu nahi dituztelako. Beraz, Arma Plazan konpartsa txikiak bakarrik elkartuko dira, eta beste guztiak, Minasoroeta karrikan. Bertatik, Sabino Arana kalea, Bernat Etxepare kalea eta Zuloaga kaleak igaroko dituzte, amaiera Itsasargi kalean izango delarik.
Desfilean karrozarekin ateratzeko, izena eman behar da otsailaren 3a baino lehen, BAZ bulegoan, 13:30ean.