Legez kanpoko hondakindegi baten berri eman du Eguzkik
Jaitzubian dagoela adierazi du talde ekologistak, eta Irungo Udala nahiz aldundia jakinaren gainean daudela.
Irunen, zehazki, Jaitzubian, legez kanpoko hondakindegi bat dagoela jakinarazi du Eguzki talde ekologistak. Zonalde horretan halakorik gertatzen den lehen aldia ez dela gogorarazi du talde ekologistak.
Egoeraren berri eman dio dagoeneko Irungo Udalari nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiari. Udalak obra hondakinak berehala kentzeko konpromisoa hartu du, eta aldundiak, berriz, prozedura bat hasteko asmoa agertu du, dagozkion eskumenetan.
Horrelako ekintzen larritasunaz ohartarazi du Eguzkik, eta, Jaitzubia “espezie autoktonoak (haritzak, haltza, sahatsak) eta erriberako landaredia duen padura (lezkak, ihitokiak, ezpata-belarra, kanaberadiak) biltzen dituen tokia” dela gogorarazi du.
Horrenbestez, naturguneak legez kanpoko eta kontrolik gabeko isurketa eta metaketa eremu ez erabiltzeko deia egin du talde ekologistak, eta horrelakoak gertatzen badira, salatzeko eskatu du. Era berean, jatorrizko egoerara itzuli eta ahal den neurrian gertakari horien egiletza ikerketzeko premia ikusi du.