Berak etxean egon beharko lukeela aldarrikatu dute
Ostiralean bihotzekoak eman ostean, dagoeneko plantan da euskal presoa. Atzo, Sarek deituta, elkarretaratzea egin zuten Justizia auzitegiaren aurrean.
Ostiral goizean bihotzekoak eman ondoren, Francisco Jose Ramada Bera euskal preso irundarra plantara eraman dute eta bere egoera egonkortu dela jakinarazi du Sarek. Atzo, Irungo Justizia auzitegiaren aurrean egindako elkarretaratzean eman zuten Beraren egoeraren berri, eta, era berean, irundarraren salbuespenezko egoera salatu zuten. Dagoeneko etxean egon beharko lukeela gogorarazi zuen Sarek, gaixotasun larria duela eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituela aintzat hartuta. Hamarnaka lagun elkartu ziren atzo eguerdian.
Berak 58 urte ditu, eta 21 urte bete ditu espetxean. Urte luzez Murtziako (Espainia) kartzelan egon zen, Irundik 830 kilometrotara. Han zegoela, bihotzeko ebakuntza bat egin zioten, “berehala, espetxera eraman zuten, nahiz eta oraindik oinazea izan”, azaldu zuen Sarek. Handik Iruñeara eraman zuten, eta, orain, berriz, Martuteneko espetxean dago: “Salbuespenezko legeak harrapatuta dago, eta ez diote ez baimenik ez hirugarren gradurik ematen”.
Egoera hori “jokoz kanpo” dagoela kritikatu zuen Sarek, eta ez datorrela bat egungo garaiekin: “Legea aplikatzeko eskatzen dugu, bestela ezingo baitugu bakerako eta elkarrizketarako bidean aurrera egin”. Era berean, gaixotasun larriak dituzten 19 euskal presoak ere gogoan izan zituen Sarek.