Kasino Zaharra "berehala" irekitzeko exijitu du Abotsanitzek
Pandemia hasi zenetik itxi zen eta berriz ireki ez den eraikin publiko bakarra dela salatu dute. Espazio hau erabiltzen duen kolektiboak "beharrezkoa" duela diote, haien autonomia ahalbidetzen duelako, besteak beste.
Kasino Zaharra “berehala” irekitzeko exijitu zuen atzo Abotsanizek, adinekoei zuzendutako etxe horren atarian egindako agerraldian.
Izan ere, pandemia hasi zenean, alkate dekretu baten bidez itxi zen adinekoen etxe hau, eta berriz ireki ez den eraikin publiko bakarra dela salatu du alderdiak: “Ez dago arrazoi objektiborik itxita mantentzeko. Udalbatzetan galdetu izan dugunean ez dugu erantzun zehatzik jaso”.
Espazio hau irekitzea aurreikusi duela udalak azaldu dute, zabalik edukitzearen zenbateko kostua 2022ko aurrekontuan kapitulu berezitu batean jasota dagoelako.
Herritarrek ere eskaera berdina egin dutela diote, eta hori azaltzeko adineko batzuen sentipenak jaso dituzte: “Jarrera horrek nagusienganako erabateko inkonpresioaren sentimendua sortzen du, bakardade handiagoa sortzen digu, harreman sozialik eza, hutsune psikologikoak”.
Gaur egungo egoeragatik fisikoki zein psikologikoki gehien sufritu duen kolektiboa direla Kasino Zaharraren erabiltzaileak adierazi dute, eta udalak, zahartzen ari diren pertsonen autonomia eta independentzia sustatu behar duela uste dute, bizi proiektuari buruzko erabakiak hartzen lagunduko dieten zeharkako prebentzio politikak ezarriz.