Erdi Aroko pintxo txapelketa egingo dute Hondarribian, Hiri eta Erdi Aroko Hirien Sareak antolatuta
Pandemiak geldiarazitako hainbat jarduera berreskuratuko dituzte Hiri eta Erdi Aroko Hirien Sarea osatzen duten herriek. Atzo, Madrilen egindako bilkuran, naturaguneei balioa emateko NaturRed iniziatiba aurkeztu zuen Txomin Sagarzazu, alkateak.
Atzo, Madrilgo FITUR azokan egon zen Txomin Sagarzazu alkatea, Hiri eta Erdi Aroko Hirien Sarearen presidente gisa. Jada aurreratu zuten, bertan sarearen batzar nagusia egingo zutela, hala nola, 2021 eta 2022eko jarduerak aztertzeko eta aurrekontuak onartzeko. Bestalde, Jaitzubiako padurak produktu turistiko gisa sustatzera joango zirela ere esan zuten.
Ildo horretan, turismo azokan Eusko Jaurlaritzak NaturRed proposamena aurkezteko aukera eman zion sareari, eta bertan, naturaguneei balioa emateko sortu duten iniziatiba dela azaldu zuen Sagarzazuk. Denbora aurrera joan ahala, espazio eta ibilbideei buruzko xehetasunak emango dituztela adierazi zuen, baina Hondarribiaren kasuan, Jaitzubiako padurak sustatzea zela asmoa eman zuen aditzera asteartean.
Urtean zehar egingo diren jarduera batzuen berri ere eman dute, eta horien artean, sarea osatzen duten herri guztietan egiten zen Erdi Aroko Pintxo Txapelketa berreskuratuko dutela aurreratu dute. Horren finala, urriaren 22 eta 23an izango da, Portugalgo Marvão herrian.
Jarduerekin jarraituz, Ekintza Plana aktibatu dute ere, eta honen bidez, sarearen hainbat jarduera programatuko dituztela zehaztu dute. Oraingoz, Erdi Aroko musikan oinarritutako kontzertu ziklo bat, eta herrigune historikotik igarotzen den herri lasterketa, Red-Corriendo el Medievo, egingo dituzte.