[Erreportajea] Etorkizuneko ospitaleari begira
Bloke kirurgikoaren obrak behin-behinean eragingo dituen arazoez harago, Bidasoa Ospitaleak etorkizuneko beharrei erantzuteko gaitasunean jarri du fokua Osasun Bidasoa Plataformak.
Alde batetik zein bestetik osasunarekin lotutako ezinegona gainean dute Irun eta Hondarribiko herritarrek. Izurriteak sortutako osasun krisialdiari, orain, Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoan egitekoak diren lanek eragindako kezka batu behar zaio. Lan horien helburua bloke kirurgikoa “eraberritu eta modernizatzea” izango da, Osasun Sailaren arabera. Dagoeneko lan horiek esleituak ditu Osakidetzak —abenduaren 15ean egin zuen—, 5 milioi euroren truke, eta Construcciones Adolfo Sobrinok egingo ditu. Obren hasiera datarik oraindik ez dute jakinarazi. Aurreikuspenak atzeratuz joan dira, eta aurtengo martxoan hastea kalkulatzen bazuten ere, maiatzaren 1a da orain data aipatuena.
Onartutako egitasmo horren arabera, obrek iraun bitartean, bloke kirurgikoa erabat itxiko da, eta pazienteei Donostiako Onkologikoan egingo dizkiete ebakuntzak. 18 hilabeteko epean amaitzea espero dute. Horrek sortu du harrabotsa. Bloke kirurgikoko langileak izan ziren lehenik eta behin proiektua aho batez arbuiatu zutenak. “Uda hasieran zerbitzu buruek bilera bat egin zuten zuzendaritzarekin, eta denak izan ziren obra horren kontra”, adierazi du Aritz Lizundia Bidasoa Ospitaleko traumatologoak. Ospitalearentzako irtenbide egokiena eraikin gehiagarri bat egitea deritzote langileek. “Eraikin gehiagarri bat eginez gero, obrek iraun bitartean egungo bloke kirurgikoan jarraituko genuke ebakuntzak egiten, eta horiek amaitutakoan, eraikin batetik bestera mugituko ginateke”, azaldu du medikuak. Modu horretara, dagoeneko saturatua daukaten eraikinari “arnasa” emango lioketela iritzi dio, eta horrez gain, itxaron zerrenda are gehiago pilatzea ekidin, “nik, pertsonalki, urtebete baino gehiagokoa daukat”, jakinarazi du Lizundiak. Are gehiago, etorkizunean beste behar batzuk sortuz gero, eraikin gehigarriak horiei “erantzuteko aukera” emango liekelakoan da: “Ospitalea hobetu beharko litzateke eta ez mugatu espazioaren aldetik ezin delako”. Osasun Sailaren egitasmoan espazio berean bost kirofano izatetik sei izatera pasatzea bilduta dago.
Aurreikuspenen arabera, etorkizunean eskaera handituz joango dela azaldu du medikuak, eskualdeko biztanleria haziz doalako, eta baita zahartzen ere, “horrek patologia gehiago izatea eragingo du”. Baina pazienteen etorria beste bide batetik ere etor liteke; izan ere, zuzendaritzak hemendik urte batzuetara Errenteria-Orereta, Pasaia eta Lezoko biztanleak ere hartuko dituztela aditzera eman zien bilera batean. Lizundiaren esanetan, egun, 88.000-90.000 pertsona hartzen ditu ospitaleak Irun, Hondarribia eta Bortziriak artean, eta beste 50.000 gehiago jasoko lituzkete, %60 gehiago. Edozein kasutan, proiektu hori ez dela ziurra argi utzi du, “Nola har dezakezu horrelako erabaki bat, ordea, hemendik 10, 15 edo 20 urtera zein populazio izango den jakin gabe?”.
Onkologikoko alternatiba ere ez dute begi onez ikusten bloke kirurgikoko langileek. Hala nola, kirofano kopuruak kezkatzen du Lizundia: “Astean 25 kirofano izango ditugu Onkologikoan, eta eskualdeko ospitalean topera lan eginez gero, 50 eduki ditzakegu astean, bikoitza”. Halaber, COVID-19 dela eta, orain, urgentziazko ebakuntzak baino ez dituztela egiten gogorarazi du, baina, bien bitartean, itxaron zerrendako poltsa handitzen doala, “bideraezina da kirofanoen erdiekin aurre egitea”. Horrez aparte, antolaketa aldetik, informazio falta dutela kritikatu du Lizundiak, eta ez dakite zein langile izango dituzten alboan ebakuntzak egiterakoan, bloke kirurgikokoak edo Onkologikokoak: “Badirudi, kirofanoko langileen zati bat, instrumentistak eta auxiliarrak kasu, gurekin joango direla, baina beste zati bat Onkologikokoak izango dira”.
Baina oraindik ere badituzte beste zalantza batzuk airean: nola egingo dituzte pazienteen lekualdatzeak? Zenbat ohe izango dituzte? Sortuko al dituzte odol-banku propioa, farmazia, esterilizazioa, laborategia, esnatzeko gelak? Non egingo dute ebakuntza osteko errekuperazioa pazienteek? HITZA Bidasoa Ospitaleko gerentziarekin harremanetan jarri da, baina ez du hitz egiterik lortu.
Plataformara atxikitu
Prozeduraren gardentasun eza eta egitasmoan langileen iritzirik kontuan hartu ez izateak bultzatuta Osasun Bidasoa Plataformarekin bat egin dute ospitaleko zenbait langilek. Plataformak eskualdeko hainbat elkarte eta eragile biltzen ditu, eta proiektua bertan behera uztea nahiz negoziazio mahai bat osatzea du helburu. Mahai horretan eragile guztiak biltzea da asmoa: udalak, langileak, sindikatuak eta plataforma. Horrez gain, etorkizuneko ospitaleak herritarren osasun beharrak bermatu behar dituela aldarrikatzen du, datozen 30 urteetarako. Bloke kirugikoaren lanak egin bitartean, gainera, herritarren beharrak ase eta alferrikako joan-etorriak saihesteko galdegin du.
Zumarragako ospitalea du eredu plataformak; “gure itxaropena da”, azaldu du Juan Carlos de Benito plataformako kideak: “Zumarragako ospitalean zegoen proiektua ere gelditu egin zen: lizitazioa sinatuta zeukaten, eta aldeak ados jarri ondoren, atzera bota zuten. Guk eskatu bezala, ikusi zuten eraberritze bat egitea baino hobe zela eraikin gehigarri bat egitea. Zergatik Zumarragan bai eta gurean ez?”.
Plataformako kideak onartu du diru gehiago inbertitu beharko litzatekeela, baina etorkizuneko beharrak kontuan izanda, bideragarri ikusten du. Zumarragan bloke kirurgikoarentzat eraikin gehiagarri bat egingo dute hainbat solairutakoa, eta lanen aurrekontua 10 milioi eurokoa izango da.
Pentsiodunak, kaltetuenak
Egitasmoaren kontra hasieratik mugitu den beste eragile bat Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua izan da, eta plataformari atxikimendua adierazi dio. “Begi bistakoa da gu izango garela lekualdaketak gehien eragingo digun taldea”, adierazi du Fernando Arozena mugimenduko kideak. Ildo horretatik, plataformatik egiten ari diren proposamen guztiak eta batik bat langileek egindakoak aintzat hartzea nahi dutela esan du. Bestetik, berriz, etorkizuneko ospitaleak berme tekniko eta sanitario guztiak izatea eta datozen hamarkadetako beharrei erantzutea, “ez partxeo bat egitea” galdegin du. Ibilbidea ez du “opaku eta inposatua” izaterik nahi, “baizik eta irekia, gardena eta guztien ongizatearen alde egin daitezkeen ekarpen guztiak aintzat hartuko dituena”.
Plataformari atxikimendua adierazi diote Irun eta Hondarribiko udal taldeek ere, EAJk izan ezik. Horrekin lotuta, Irungo Udalak adierazpen instituzional bidez eskatua dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari bloke kirurgikoari buruzko zalantzak argitzeko. Bide batez, Oinaurren egitekoak diren osasun zentroaren egitasmoa zertan den ere galdetu dio adierazpen horretan. Kasu horretan, bozeramaileen batzordeko udal taldeetako ordezkari guztiek bat egin zuten. Irungo Udalak ez du ildo horretatik adierazpen gehiago eman nahi izan.
Hondarribiko kasuan, bilera eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari. Udaleko iturriek HITZA-ri esan diotenez, ez dute bilera horren data oraindik finkatu. Hondarribiko gobernu taldeak obra eta inbertsioetan jarri du fokua, eta 5 milioi euroko inbertsioa Bidasoa bailaran bizi diren guztientzat “oso positiboa” izango delakoan da. Alta, ulertzen dute 18 hilabete horietan lekualdaketak eragozpenak sortuko dituela, baina “konfidantza botoa” eman nahi die lanak planifikatu dituzten erakunde eta pertsonei: “Guri esan zaigu Onkologikoan emango den zerbitzuan segurtasuna bermatuta egongo dela. Ikusten badugu hori ez dela horrela lehenengoak izango gara kexatzen”.
Osasun Bidasoa plataforma ere legebiltzarrera joatekoa da, Elkarrekin Podemos-IUk eskaera erregistratu ondoren. Oraindik, ordea, ez dago data zehaztutua.