Aurrekontu parte hartzaileak, udal ordenantzaren bidez arautzea eskatu du EH Bilduk
Prozesuak oinarri demokratikoak dituela bermatzeko eta herritarren eskubideak eta bermeak aitortzeko behar dela arautzea azaldu du EH Bilduk.
Atzo udalak aurkeztu zituen aurrekontu parte hartzaileak, udal ordenantzaren bidez arautu gabe antolatu dituztela dio EH Bilduk, eta arautzea eskatu dute, oinarri demokratikoak eta herritarren eskubideak eta bermeak aitortu eta errespetatzen direla ziurtatzeko.
Udal ordenantzarik ez dagoenez, “itxurazko” parte hartzea egiten dabiltzala azaldu du oposizioko taldeak: “Agintekeria adibide argia iruditzen zaigu, edo suabeago esatea nahi baduzue, paternalismo ariketa etsenplu tipikoa izan daiteke”. Tokiko Gobernuaren propaganda ekitaldi gisa uler daitekeela ere uste dute.
Aurtengo iazko aurrekontuak, Tokiko Gobernuak, Ogasun batzordean proposamen moduan aurkeztu zituen. Ondoren, oposizioko kideek ekarpenak eta zuzenketak egin zituzten, eta jarraian, Ogasun Batzordeak, bere irizpena egin eta aurrekontuen proposamena Udalbatzara eraman zuen.
Udalbatzan bozketa egin zenean, EAJren gehiengoarekin onartu ziren aurrekontuak, oposizioaren zuzenketa guztiak baztertu zirelarik. “Bistan da, Tokiko Gobernuak ez zuela lortu oposizioko inongo talderen babesa ezta abstentzioa ere. Parte hartze ezaren isla”.
Hortaz, aurrekontuak jada onartuta daude, eta orain herritarren bozketa bidez onartuko den proiektua gauzatu ahal izateko, apirilean kreditu aldaketa egiteko konpromisoa hartu zuela udalak esan du EH Bilduk. Aldaketa horri “iruzur” edota “jukutria” forma duela diote, “Tokiko Gpbernuak aurrekontu batzuk onartu eta ondoren, kreditu aldaketen bitartez bere nahien arabera aldatzeko”.
Bestalde, aurrekontu parte hartzailean proposatzen diren 5 proiektuen gehienak, oposizioaren ideia izan zirela adierazi du talde subiranistak.
Udalak parte hartze prozesu bat sustatu izana “pozgarria” dela diote, baina udal ordenantzaren bitartez arautzea eta hau indarrean jartzea eskatu dute. Halaber, bitartean, udalak hiritarrentzako onuragarriak diren proiektuak egin ditzatela adierazten amaitu dute.