35 urte bete ditu Bidasoak Artalekun
1987ko urtarrilaren 18an jokatu zuen lehen partidua Artalekun Granollersen kontra. Urte horretan bertan lehenengo Asobal liga irabazi zuen.
Garaipenak, ospakizunak, baita porrotak ere… 35 urteetan zehar hainbat bizipen izan ditu Bidasoak baina guzti horiek denak espazio batean: Artalekun. 1987ko urtarrilaren 18an lehen partidua jokatu zuen Bidasoak etxe berrian Granollersen kontra, eta, beraz, 35 urte bete berri ditu kiroldegian.
Denboraldi berezia izan zen, gainera, orduko Elgorriaga Bidasoarentzat, lehen Asobal Liga eskuratu baitzuen. Orduz geroztik, oroitzeko moduko hainbat momentu bizi izan dituzte, eta Bidasoak berak gogoratu ditu hari honetan Twitterren.
Besteak beste, Europan Artalekun jokatu zuten lehen partidua aipatu du Gagnyren kontra, zeinetan ezin izan zuten sarrerarik saldu. Bestalde, Bartzelonaren kontrako ligako partidua ere gogora ekarri du: garaipen horri esker Asobal Ligako finalerako sailkatu zen Bidasoa.