Dirua biltzen ari dira 'Bi arnas' dokumentalarentzat
Torturari buruzko testigantza jasoko du dokumentalak, eta Iratxe Sorzabal eta haren ama Maria Nieves Diaz izango dira protagonista. 7.000 euro biltzera iritsi nahi dute.

Ostiral honetan, hilak 21, egingo dute Bi arnas dokumental proiektuaren aurkezpena, Irunen. Dokumentala “ahalik eta gehien zabaltzeko”, ordea, Iratxeren Lagunak taldeko kideek diru bilketa hasi dute itsulapikoa.eus atarian.
Bi arnas irabazirik gabeko dokumentala dela zehaztu du sustatzaileek; “herritar talde bat” direla esan dute eta ez dutela “produktora edota ekoizle handien babesik, ezta diru laguntza publikorik ere”. 15.000 euroko aurrekontua kalkulatu dute, eta 7.000 euroko gutxieneko helburura iritsi nahi dute itsulapikoa.eus-en hasi duten diru bilketarekin.
Bi arnas torturari buruzko testigantza bat dela esan dute, “bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa”. Bertan, Iratxe Sorzabal euskal presoa eta haren ama, Maria Nieves Diaz izango dira protagonista. “Torturak eragindako zauria ez da itxi”, adierazi dute sustatzaileek, eta dokumentala “zauria ixten laguntzeko ondar aletxo bat” izan daitekeela uste dute: “Garrantzitsua da oso torturaren kontra lehen pertsonan borrokatu duten herritar anonimo horien guztien historiak lau haizeetara zabaltzea”.
Sorzabalez gain, Nekane Txapartegi 1999an torturatua izan zen euskal presoak ere parte hartuko du dokumentalean, baita Paco Etxeberria auzi medikuak eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohiak ere.