Jaitzubiako padurak produktu turistiko gisa sustatuko dituzte Madrilgo FITUR azokan
Hiri eta Erdi Aroko Hirien Sareko produktu berria da NaturRed, eta produktu turistiko honen helburua espazio naturalak eta mendi-ibilbideak sustatzea da. Hondarribiaren kasuan, Jaitzubiako padurak izango dira protagonista FITUR azokan jarriko duten erakusleihoan.
Asteazken honetatik, igandera bitarte, Madrilen egingo den Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) erakusleihoa izango du Hondarribiak. Ordezkari gisa, Txomin Sagarzazu, alkatea eta Hirien eta Erdi Aroko Hirien Sareko presidentea bertaratuko da.
NaturRed aurkezteko probestuko dutela azoka azaldu du Sagarzazuk: “Hiri eta Erdi Aroko Hirien Sareko produktu turistiko berri bat da, sarea osatzen dugun hiri eta hiribildu bakoitzeko espazio naturalak eta mendi-ibilbideak sustatzeko” .
Ildo honetan, 25 hektarea dituen Jaitzubiako padurak turistikoki sustatuko dituzte Espainiako hiriburuan. Inguru hau Natura 2000 sarearen parte da, eta 250 espezie behatu direla dio alkateak, “ornitologoentzako paradisu txiki bat”.
Bestalde, Hiri eta Erdi Aroko Sarea osatzen duten herriek, hala nola, Hondarribia, Lizarra, Guardia, Almazan, Sigüenza, Consuegra, Ciudad Rodrigo, Jerez de los Caballeros eta Marvaok, ohiko eta ezohiko batzarrak egingo dituzte.
Ohiko batzarrean, iaz egindako jarduerak aztertuko dituzte, eta 2021eko urteko kontua onartuko dute ere. 2022. urteari begira ere ariko dira lanean, eta aurten erabiliko den aurrekontua eta egin beharreko jarduerak onartuko dituzte, adibidez, Erdi Aroko Pintxo eta Tapen Nazioarteko XIV. Lehiaketa. Ezohiko batzarrean, aldiz, zuzendaritza batzordea berritzea aztertuko dute.