Apropos harrapatu du txirrindulari bat furgoneta gidari batek, Mendelun
Larunbat arratsaldean izan zen ezbeharra. Berriz gertatu ez dadin, azpiegiturak hobetzeaz gain, bidean doanak trafiko arauak jakin behar dituela adierazi du Manu Eizagirrek, Balaztako kideak.
Larunbatean (hilak 15), nahita harrapatu zuen furgoneta gidari batek 69 urteko txirrindulari donostiar bat Mendelun. Antza, aurretik eztabaida bat eduki zuten elkarren artean. Kolpatu ostean, ihes egin zuen gidariak Lapurdira, eta Gendarmeriak atxilotu egin zuen ezbeharra gertatu zen lekuko kameretan identifikatu zutelako autoa ertzainek.
Txirrindularia, Bidasoa ospitalera eraman zuten, eta atzo, igandea, ingresatuta jarraitzen zuen. Bi astetan, txirrindularien aurka gertatu den bigarren ezbeharra da, eta urtarrilaren 8koan, hil egin zen Jon Rodriguez errenteriarra.
Mendelu, Irun eta Hondarribia batzen dituen bidea bertatik igarotzen da, eta Manu Eizagirre, Balaztako kideak “behin eta berriz” Mendeluko tarte horretan sustoak izaten direla azaldu du. Bizikletek eta autoek elkarbizitza egin behar dutela agerikoa dela uste du Eizagirrek, eta egoera hori eramangarriagoa izan dadin, onena, azpiegiturei erreparatzea dela: “Hau da, bidegorria sortzea. Eta ez badago bidegorririk, errespetua eta arauak betetzea”.
Bidetik doan orok arauak ezagutu beharko lituzkeela dio Balaztako kideak, “aurreratzeko tarte bat utzi behar da, gauza logikoak dira. Babes gutxiena daukana babesteko modu bat da”, zehaztu du.
Mendelun abiadura muga orduko 30 kilometrora mugatzea lortu zutela oroitarazi du, baina auto askok bizikletak aurreratzean gehienezko abiadura hori gainditu egiten dutela salatu du. Dena den, itxaropentsu ageri da Eizagirre, eta urteetan ikasten joango direla iritzi du. Izan ere, iraganeko egoera okerragoa zela uste du, baina hala ere, bidegorri bat beharrezkoa dela nabarmendu du berriz ere.
Segurtasun falta salatzeko, eta segurtasuna aldarrikatu eta hau bermatzeko erremintak eskatzeko, bizikleta martxa egin zuten Gaintxurizketaraino joan den larunbatean ere, Errenteriatik eta Bidasoko Zubimuxu biribilgunetik abiatuta. Izan ere, bi eskualdeen arteko inguru horretan hil zen Jon Rodriguez, eta bere oroimenez bizikleta zuria jarri zuten, errepide bazterrean.