[Galeria] Jon Rodriguez azkena izatea nahi dute
Pasa den astean istripuan hil zen txirrindularia omentzeko ekitaldia egin dute ehunka txirrindularik. Errepiderako segurtasuna eskatu dute.
Txirrindularien tropelak kolore askokoak dira, baina gaur maillotek doluaren kolore beltza izan dute. Gaur zortzi, Jon Rodriguez Irazusta txirrindulari errenteriarra —Hondarribian bizi zen— harrapatu zuen motordun ibilgailu batek, Gaintxurizketako errepidean, eta bertan hil zen.
Ehunka txirrindularik omendu dute Rodriguez, klubek zein elkarteek antolatuta. Jaioterriko zumarditik zein Irun eta Hondarribi arteko Zubimuxu biribilgunetik txirrindulari martxa bana atera da, norabide berberarekin: Zaldunborda inguruko errepidea. Errepideko bizikletak ala paseokoak, maillotarekin edo arropa zurrunagoarekin, denek gogoan izan dute Rodriguez. Bertan izan dira bere senideak; aita, esaterako, bizikletan hurbildu da.
Gaurkoan ez dituzte hurbilegi zihoazen ibilgailu motordunen ziztuak, edo klaxonak. Gaurkoan pedalkadak errepide seguruan eman dituzte.
Hori bera eskatu dute: segurtasuna, eta hori bermatzeko baliabideak. Izan ere, Oarsoaldea eta Bidasoa elkartzen diren tartean txirrindularientzako bide segurua —EuroVeloren jarraipena izango litzatekeena— ezartzeko eskaera aspaldikoa baita.
Hil zen tokian mutu egongo den bizikleta zuria jarri dute, Rodriguezen omenez. Istripuan hiltzen den txirrindulari bakoitzari pedalkideek uzten diete, bera gogorarazteko. Kolore zuri hori berriro belztu ez dadin.
[Gaintxurizketa argazkiak Peio Goikoetxea eta Urtzi Urkizurenak dira].