Estremerako espetxean dago Iratxe Sorzabal
Frantziatik kanporatu zuten atzo, hegazkin militar batean. Etxekoekin telefonoz hitz egiteko aukera izan duela jakinarazi dute ingurukoek.
Iratxe Sorzabal presoa atzo goizean kanporatu zuen Frantziako Estatuak, Espainiakora, hegazkin militar batean. Ingurukoek jakinarazi dutenez, Torrejon de Ardozeko base militarretik Estremerako (Madril) espetxera eraman dute irundarra.
Egun batzuk isolatuta edukiko dute Sorzabal, baina atzo familiarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuen. “Bidaia luzea egin zaio, baina lasai zegoen”, jakinarazi dute Iratxeren Lagunak taldekoek.
Elkarretaratzea
Atzo arratsean elkarretaratzea egin zuten San Juan plazan, estradizioaren kontra protesta egiteko. Gogorarazi zutenez, “tortura oinarri duen epaiketa” bati aurre egin beharko dio Sorzabalek, eta 30 urte arteko espetxe zigorra diezaioketela.
“Iratxe Sorzabalek jasandako tortura lazgarriek ez dute dagokien ez ikerketa ez eta erantzukizun judizialik izan, aldiz, epaitegietan torturapean botatakoak zigorrerako oinarri bilakatu dira”, esan zuten. Datozen egunetan hainbat mobilizazio eta ekitaldi egingo dituzte.
Datorren ostiralean —hilak 21— Bi Arnas dokumentala aurkeztuko dute. Otsailaren 5ean, Sorzabalen kontrako epaiketaren aurretik, manifestazioa egingo dute Irunen.
Sare: “Epaiketa, onartezina”
Irungo Sarek ere bere iritzia plazaratu du, ildo berean. “Torturan oinarritutako epaiketa” dela salatu dute, eta Espainiako Auzitegi Nazionala “salbuespenezko justizia auzitegia” dela. “Justizian baino, mendekuan oinarrituta dago”, azaldu dute.
Horregatik, uste dute salbuespenezko espetxe politika “atzean uzten” ari den honetan, horrelako epaiketek ez dutela tokirik. “Iratxe Sorzabalek jasandako tortura lazgarriek ez dute dagokion ez ikerketa ez eta erantzukizun judizialik izan”. Are, Sarereren esanetan, torturapean jasotako deklarazioak dira epaiketari oinarri.
“Demokrazia, justizia eta giza eskubide ororen aurkakoa da torturaren erabilera hau eta horregatik onartezina deritzogu epaiketa gauzatzea”, zehaztu dute.