Tuterako hilketa matxista salatu du M8k
Urtea hasi orduko, emakumeek "terrorismo matxista" pairatu behar izan dutela salatu du asanblada feministak.

Joan den asteburuan Tuteran izandako hilketa matxista deitoratu du M8 Asanblada Feministak. “Beste behin ere, emakumeen bizitza astindu eta kolpatzen duen terrorismo matxista pairatzen hasi dugu urtea”, gaineratu du.
Hiltzaileari lege aldetik zorroztasunez jokatzeko eskatu du asanblada feministak, eta berriro aldarrikatu du, nahikoa dela: “Ezta biktima bat gehiago ere”.
Sara Pina Yeregiren gorpua astelehenean aurkitu zuten haren bizilekuan, Tuteran. 38 urte zituen. Senarra Parisen atxilotu dute, eta hurrengo pausoa datozen egunetan Tuterako epaitegira eramatea izango da.