Bizikleta martxa egingo dute Jon Rodriguez gogoan
Bi zutabe irtengo dira, bata, Errenteria-Oreretatik eta bestea Irundik, eta Gaintxurizketan elkartuko dira. Larunbatean hil zen hondarribiarra, bizikletan zihoala auto batek harrapatuta.
Oarsoaldea eta Bidasoko zenbait txirrindularitza elkartek antolatuta, bizikleta martxa egingo dute larunbat honetan, hilak 15, Jon Rodriguez Irazusta Hondarribian bizi zen errenteriarra gogoratzeko eta errepidean beste txirrindulari bat hil dela salatzeko. Bi zutabe aterako dira: bata, Errenteria-Oreretatik, eta bestea Irundik. Bi martxak 12:00etan irtengo dira: Oarsoaldeko txirrindulariek Zumardian jarri dute hitzordua eta Bidasokoek Zubimusun. Bi martxek Gaintxurizketara joateko errepidean bat egingo dute, hain justu, Rodriguez hil zen tokian, eta beste zenbait txirrindularirentzat puntu iluna bihurtu den tartean.
Ekintza horren atzean Gipuzkoa Kalapie, Gurpilarte, Laguntasuna TXE, Balazta, OTXE Oarsoaldea Txirrindulari Eskola, Lartaun, Girizia, Club Ciclista Irunes eta HTE Hondarribiko Txirrindulari Elkartea daude.
Doluminak bidali dizkiote familiari, eta Gipuzkoako errepideetan hil den lehen txirrindularia dela gogorarazi dute, “espero dugu azkena izatea”. Hain zuzen, larunbatean gertatu zen ezbeharra, bizikletan zihoan Rodriguez auto batek harrapatuta.
“Puntu iluna”
Ez da txirrindulari batek toki horretan bizia galtzen duen lehen aldia: 2008an, 60 urteko turista britainiar bat hil zen ere kamioi batek harrapatuta. Horrez gain, txirrindularitza elkarteek beste zenbait istripu larri gogora ekarri dituzte: 2009an auto batek beste txirrindulari bat harrapatu zuen, eta biktima autoaren behealdean geratu zen trabatuta. 2014an, Lezon, beste auto batek kolpatuta bost txirrindulari taldeko bi lagun oso larri zauritu ziren, justu, Gaintxurizketako gainera iritsi aurretik.
Istripu horiek ez direla “kasualitate hutsa” izan esan dute, eta Irun eta Errenteria arteko bidea “oso arriskutsua” dela txirrindularientzat: “Puntu iluna”. Bide horretan “abiadura handia, auto eta kamioien trafiko handia, eta merkataritza gune garrantzitsuetara sarbideak” daudela adierazi dute, eta nahasketa horrekin bizikletan doazenak “babesik gabe” geratzen direla.
“Urte asko daramatzagu Gipuzkoako Foru Aldundiari Irun eta Errenteria arteko bidegorri bat eskatzen, baina gaur-gaurkoz ez dugu proiektuaren gaineko berririk ezta ibilbidea diseinatuta dagoenik ere”, gaineratu dute. Are gehiago, tarte horretan ez dagoen bidegorri baten kartelak jarrita daudela azaldu dute, eta “abiadura handian dabiltzan autoen tranpa” batera eramaten duela. Kartel horiek kentzeko eskatu dute.
Era berean, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana gauzatzeko eskatu diote aldundiari, “ordua da aldundiak propaganda gutxiago egin eta diru gehiago inbertitu dezan txirrindularientzako bideetan”. Halaber, Ertzaintza eta Trafiko sailari txirrindularien segurtasuna zaintzeko galdegin diete, eta distantzia betetzen ez duten gidariei isunak ezarriz.