Valvulas Zubiko langileek hitzarmen berria izango dute
Urtea bukatu aurretik hitzarmen berri baterako aurreakordioa sinatu zuten enpresarekin, eta eskaera nagusiak, baja luzeei dagozkienak, kontuan hartu ditu enpresak.
Valvulas Zubiko langileek hitzarmen berria izango dute. Urtea amaitu aurretik, abenduaren 24ean, enpresarekin ados jarri ziren, eta aurreakordioa sinatu zuten. Bertan, langileen eskaera nagusienak, batik bat, baja luzeei dagozkienak, kontuan hartu ditu enpresak, baita KPIren igoerak ere.
Hain zuzen, KPIaren igoera aplikatuko zaie aurten, eta hurrengo urteetan konpromisoa hartuko du enpresak KPIaren 2,5 puntuko igoera aplikatzeko soldatetan.
Gaixotasun edo istripu baten bajei dagokionez. Lehen bajaren kasuan %100 kobratuko dute langileek, eta bigarren bajatik hasi eta hurrengokoetan, hogeigarren egunetik aurrera, %100 kobratuko dute. Ordura arte, legeak ezartzen duen bezala, %75 kobratuko dute langileek. Edozein kasutan, modu horretara, langileek baja luzeetan eros ahalmena ez galtzea da helburua.
Zigor Gazpio ELAko ordezkariaren esanetan, langileak pozik daude akordio hori lortu ondotik: “Langileen batasunaren eta grebaren bidetik helburuak lor daitezkeela ikusi dugu”.