"Mugimenduan dauden pertsonen egoera gero eta larriagoa da"
Irungo Harrera Sarea kezkatuta azaldu da migranteak jasaten ari diren egoeraz: kontrolak zorroztu dituzte eta migranteak Gurutze Gorriaren dispositiboetatik kanpo uzten jarraitzen dute.
Irungo Harrera Sarea migranteek jasaten duten egoeraz “kezkatuta” agertu da: “Beste izugarrikeriaren bat gertatuko ote den beldur gara”. Harrera sarearen esanetan, Irunera iristen ari diren pertsona migratzaileak “lur jota” daude, “bidean aurrera egitea ia ezinezkoa dela ikusi eta ez dakite zer egin”.
Harrera sareak azken asteetako egoera aztertu du, eta Frantziako poliziaren kontrolak eta Gurutze Gorriko dispositiboetatik kanpo geratzen diren migranteak izan ditu hizpide. Frantziako kontrol “arrazistak” geroz eta “zorrotzagoak” direla jakinarazi du, eta migranteak muga zeharkatzen behin eta berriro saiatu arren, poliziak atxilotu eta hegoaldera bidaltzen dituela “bidegabeki”. Horien artean, joan den larunbatean polizia kontroletatik ihesi femurra apurtu zuen migrantearen kasua gogora ekarri du.
Bestalde, migratzaileek Gurutze Gorriaren dispositiboan hiru gau baino gehiago ezin dituztela bertan egin gogorarazi du harrera sareak, eta baldintza hori dela eta, urtarrilaren 6an, zeropeko bi gradurekin, lau lagun kalean geratu ziren. Pertsona horiek babesteko asmoz, hurrengo egunean bi kanpin denda jarri zituzten boluntarioek. Iaz, Gurutze Gorriak 225 lagun utzi zituen kalean, harrera sarearen arabera.
Egoera kontuan hartuta, berriz ere erakundeengana zuzendu da, eta “aitzakiak utzi eta benetako erantzukizunez” jokatzeko eskatu die, pertsona horiek babestu eta gizalegezko harrera duin bat izan dezaten.