Migrante bat ospitalean da, trenbidera erori ondoren
Polizia atzetik zuela trenbidera jausi eta femurra hautsi duela jakinarazi du Irungo Harrera Sareak.
Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, 20 urteko migrante bat Bidasoa Ospitalean dago, larunbatean poliziarengandik ihesi trenbidera erori ondoren. Erorketaren eraginez, femurra hautsi du, eta bospasei egunetan ospitalean geratu beharko du.
Frantziako poliziarengandik ihesean zebilela azaldu du harrera sareak, baina Irunen izan zen ezbeharra. Ertzainek jaso zuten mutila eta ospitalera eraman.
Ospitaletik senda agiria jasotzean mutilarekin zer gertatuko den kezka azaldu du harrera sareak: “Eusko Jaurlaritzak mutilaren kargu egin beharko du. Dena ongi bada, hemendik astebetera irtengo da ospitaletik, baina hiru hilabete beharko ditu errekuperatzeko”, adierazi du Josune Mendigutxi harrera sareko kideak. Hala, harrera sarea Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariarekin harremanetan jarri da, neurriak hartu ditzan.
“Jende asko etortzen ari da, eta muga zeharkatzea oso zaila dago. Badakigu asko Bidasoa ibaian barrena zeharkatzen ari direla. Inoiz ez da zeharkatzeko modu segurua, baina orain gutxiago. Beste batzuk trenbidean barrena pasatzen ari dira, eta oraingoan, hau gertatu da”, gaineratu du Mendigutxiak.