Istripua Gaintxurizketan: txirrindulari bat hil da
Ezbeharra auto baten eta txirrindulariaren arteko talkagatik izan da. Osasun zerbitzuek ezin izan dute deus ere egin txirrindularia onera ekartzeko.
Auto batekin izandako talkaren ondorioz, 43 urteko txirrindulari bat hil da eguerdian Gaintxurizketako Irungo lurretan, Gi-636 errepidean. Zehazki, istripua Gaintxurizketako igoeran izan da, Donostiarako noranzkoan, Zaldunbordara joateko irteeratik hurbil.
13:00ak aldera izan da autoaren eta txirrindulariaren arteko talka. Istripuaren berri izan eta berehala larrialdi zerbitzuetara deitu dute hainbat herritarrek (112 telefono zenbakira). Azkar batean bertaratu dira anbulantziak eta Ertzaintza hara. Osasun zerbitzuek, baina, ezin izan dute deus ere egin txirrindularia laguntzeko, eta istripuaren tokian bertan hil egin da.
Ertzaintzak iragarri du istripuaren gaineko ikerketa abiatu duela.